Albisteak

 

Lehiaketa publiko bitartez, Servicios de Hosteleria Peñascal delako enpresari esleitu dio udalerriko hiltegi zaharreko alokairua Muskizko Udalak. Hori horrela izanik, eraikin hau berriro irekiko da, kasu honetan, taberna-jatetxe modura, eta horretarako hileko errenta 1.875,50 eurokoa izango da (BEZ barne). Guztira, 185 metro koadro dituen gune hau suspertzeko ekimen honek udalerriko ekonomia sustatu eta udalerriko turismoa indartu nahi du.

Bertako ekonomia garatzea eta enplegua sortzea da enpresaren helburu nagusia, izan ere, prestakuntza fasean dauden edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortuko baitira. Horretaz gain, ekimen honek ostalaritza eskaintza interesgarria emango dio Muskizko udalerriari eta herriko ingurune hurbilari. Ildo honetatik, komeni da gogoratzea, hain justu ere, pertsonen lan merkaturatzea errazteko jaio zela Servicios de Hostelería Peñascal enpresa.

Peñascal taldeak eta ekipoak zuzendutako proposamenak genero sofistikatu eta berria eskaini nahi du, betiere bere produktuetako kalitatea bermatuz; eta horretarako, sei zerbitzu mota ezberdin eskaintzen ditu: barrako pintxoak, eguneko menua, menu azkarra, Ekoizan izeneko dendako produktuez egindako plater ekologikoak, menu adostuak eta kalitate goreneko platerak. Hori guztia ostalaritzan kualifikazio profesional altua duten langileek kudeatuko dute. Horretaz gain, catering zerbitzua ere izango da, talde, elkarte edo erakundeei behar duten huraxe eskaini ahal izateko, euren instalazioetatik kanpo antolatzen dituzten ekitaldiei begira.