Albisteak

 

Muskizko Ikastolako eskakizunei erantzunez, 2018ko udako hilabeteetan, hezkuntza zentro honetako kirol pistetako batean estalki bat ipintzeko lanak abiaraziko ditu Muskizko Udalak; eta, horretarako, 150.000 eta 200.000 euro artean bideratuko dira. Obra hauei esker, eguraldi txarretik babestutako jolaserako, atsedenerako eta ekintza askotarako gune bat izango dute Muskizko hezkuntza zentro honetako ikasleek.

Muskizko Udalak kirol pistaren ikerketa geotekniko bat egin berri du, eta proiektu honen zenbateko osoa 20.000 eurokoa izan da; arestian aipatu den bezala, ikerketa geoteknikoaren ondoren, estalkiaren lanei ekingo zaie. Muskizko Ikastolan instalatuko den estalkiaren arkitektura zentroarekiko kontinuista izango da, eta  berezko argiztatzea izango du. Era berean, epe luzerako eraginkortasuna lehenetsiko da, eta eraikin iraunkorra izatea bilatuko da. Ikasturtea hasi orduko, lanak bukatuta egotea aurreikusten dute Muskizko Udaleko ordezkariek; horrela, lan hauetako obrek ez dute klaseen ohiko jarduna oztopatuko.