Albisteak

 

Gardentasuna eta herritarren parte hartzea bultzatzea da Muskizko Udaleko legealdi honetako helburu nagusienetako bat; eta hori horrela izanik, Muskizko Udala hainbat prozesu parte-hartzaile ateratzen ari da aurrera, herritarrek euren proposamen eta ideiak helarazteko eta meatzaldeko udalerri honetako proiektuak hurbiletik ezagut ditzaten. Oraingo honetan, Memerea auzoa egituratzeko prozesu berria abiarazi du Muskizko Udalak. Memerea auzoko ekimen hau azaltzeko asmoz, bilera ireki bat antolatu da datorren abenduaren 19an, Cantarrana eskola publikoan, interesa duten herritar guztientzat. Besteak beste, Eduardo Briones Hirigintza Saileko zinegotziak eta Unai Landaburu Gobernu Irekiko zinegotziak hartuko dute parte batzar ireki horretan.

Memereako ekimen honen aurretik, herritarrek parte hartzeko beste prozesu batzuk abiarazi ditu Muskizko Udalak, hain justu ere, Kobaron auzokoa, kirol instalazioak hobetzeko egitasmokoa eta La Glorieta ingurua lehengoratzeko proiektukoa, betiere parte hartze handia lortuta. Herritarrek esku hartzeko egitasmo honetan, Memerea auzoa hobetzeko proiektu teknikoa aurkeztu nahi da, bai eta herritarren proposamen eta ideiak bildu ere.