Albisteak

 

Abenduan zehar, ekintza ludiko eta kulturalez jositako egitarau oparoaz gozatu ahalko dute adin guztietako muskiztarrek, batik bat, Gabonetako egunetan. Beste ekintza batzuen artean, lehiaketak, tailerrak eta diskotekak izango dira, 3 eta 18 urte arteko haur eta nerabeentzat. Horretaz gain, Gasteizko izotz pistaz gozatzeko irteera ere izango da, eta Muskizko udalerriko helduentzako jarduerak ere aterako dira aurrera: Melloko igoera, musika ikuskizunak eta Meatzari Aretoko zinea.

Aurten ere, Muskizko Udalak antolatutako Gabonetako Haur Parkea izango da, Donibane pilotalekuan, udalerriko haur guztien gozagarri. Egun berezi hauek disfrutatzeko, jolasak, ludotekak, puzgarriak eta tailerretarako guneak izango dira, abenduaren 27tik (asteazkena) abenduaren 29ra arte (ostirala), biak barne, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era.

Oraingo honetan, Haur Parkearen barruan, ekitaldi bereziak ere antolatu ditu Kultura Sailak, besteak beste, Dj Kaktus artistaren diskoteka, asteazkenean, 27an; “Skratx” izeneko haurrentzako ikuskizuna, ostegunean, 28an; eta haur dantzaldia, ostiralean, 29an. Ekintza hauek guztiak 19:00etatik aurrera egingo dira.

Beste alde batetik, Muskizko Emakumeen Elkarteko kideek euren urteroko ohiko gala egingo dute, abenduaren 16an (larunbata), Meatzari Aretoan, 18:00etatik aurrera.

Gaztegunea

Muskizko Gaztegunean, 12 eta 17 urte artekoentzako jarduera ugari egingo dira. Abenduaren 15ean, 18:00etatik aurrera, buztin tailerra eta Gabonetako apaingarriei buruzko tailerra egingo dira. Abenduaren 26an, berriz, uretako puzgarrien jaia egingo da, Udal Kiroldegiko igerilekuetan (6-12 urte); eta horretaz gain, “Hiru kutxak” ihes jolasa ere egingo da. Gazteentzako PS4rako ohiko Fifa 17 jolasa ere izango da, abenduaren 28an, 18:30ean, ohi bezala, Gaztegunean bertan.

Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, Gazteguneko arduradunek aurten ere Gasteizko izotz pistara joateko irteera antolatzea erabaki dute, urtarrilaren 3an. 18 urtetik 30era arteko muskiztar guztiek parte hartu ahalko dute txango horretan.

Nerabeek euren Gabonetako diskoteka propioa ere izango dute, DJ Pacoren eskutik, eta beste ekintza batzuen artean, txokolate jana ere izango da. Nerabeentzako ikuskizun hori abenduaren 22an (ostirala) izango da, 18:00etatik aurrera, Meatzari plazan.

Harrerak

Ohitura den moduan, etxeko txikien gozagarri, Olentzerok Muskizko kaleak zeharkatuko ditu, abenduaren 24an. Kalejira Errota Zahar parketik abiatuko da, 17:00etan; eta eguraldi txarra izanez gero, Giba kaletik aterako da. Ibilbidea Meatzari plazan bukatuko da, eta bertan etxeko txikiekin egon eta euren gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik.

Beste alde batetik, Erregeen Kabalgata izango da, urtarrilaren 5ean, 18:30etik aurrera, San Martin auzoko BMko supermerkatutik. Ibilbidea amaitu eta gero, erregeak haurrekin egon eta euren gutunak jasoko dituzte.

Musika eta kirol zaleentzako jarduerak

Era berean, musika zaleek ere lekua dute Muskizko Udaleko Gabonetako egitarauan. Abenduaren 17an, haurrentzako antzezlana izango da, 12:00etan, Meatzari Aretoan, eta antzezlan horretarako sarrerak 5 euroan salduko dira. Urtarrilaren 4an, berriz, 19:00etatik aurrera, Carpe Diem abesbatza eta ganbera-orkestrako kideen txanda izango da, eta Wenceslao Bohemiako erregearen historia-ipuina eskainiko digute. Ikuskizun horretarako sarrerek 3 euro balio dute.

Amaitzeko, kirola maite dutenek kirola eginez amaitu ahalko dute urtea, izan ere, XII. Melloko Herri Igoera izango baita. Ibilaldia Kultur Etxetik aterako da, goizeko 09:00etan, eta 12:00etan gailurretik jaistea aurreikusten da. Bi orduko ibilaldia da, gutxi gorabehera, eta bertaratzen direnak, Castaños, La Campa, El Somo, Posadero Txikito, Fuente Fria eta Los Ilsos inguruetatik igaroko dira, 633 metroko altuera duen Muskizko tontor garaiena zapaldu aurretik.

Egitaraua (PDF 533KB)