Albisteak

 

Euskara ikasteko diru-laguntzak eta udalerriko merkataritza eta ostalaritza guneetan euskarazko errotulu eta toldoak instalatzeko diru-laguntzen deialdia onartu ditu Muskizko Udalak. Diru-laguntza hauek bideratu ahal izateko, orotara, 10.000 euroko aurrekontu-partida dago, eta Muskizko udalerrian euskara sustatzeko neurrien barruan sartzen dira bata eta bestea.

Aurreko ekitaldietan bezalaxe, udalerrian euskara sustatzeko diru-laguntzak onartu ditu Muskizko Udalak. Deialdietako aurrekontu kopuruei dagokienez, nabarmendu beharra dago ez dela murrizketarik izan euskara ikasteko herritarrentzako diru-laguntzetan, Muskizko Udaleko langileen laguntzetan eta udalerriko saltokietan euskarazko errotulu eta toldoak instalatzeko laguntzetan.

Udalerrian erroldatuta dauden herritarrentzako diru-laguntzei dagokienez, diruz lagunduko dira HABEk homologatutako zentro publiko eta pribatuetan egiten diren ikastaroak. Diru-laguntza hauen bidez ez da diruz lagunduko hezkuntza zentroetako eskolaz kanpoko ekintzarik, ez eta Guraso Elkarteek antolatutako jarduerarik ere.

Laguntza hauek matrikularen % 50 itzuliko diete ikasleei, betiere 300 euroko muga gainditu gabe, ikasleko eta ikastaroko. Laguntza hauek jaso ahal izateko ezinbestekoa da udalerrian erroldatuta egotea, eskaini diren orduen % 85 jasotzea eta maila gainditzea. Nolanahi ere, begiraleek eta Muskizko Udalean erregistratuta dagoen kirol edo kultura elkarteren bateko kide direnek matrikularen % 75 jaso ahalko dute, betiere 300 euroko muga gainditu gabe.

Errotulu eta toldoak

Elebitasun aktiboaren irizpideei jarraiki euskarazko toldo edo errotuluren bat instalatu duten Muskizko ostalaritza eta merkataritza saltokiek diru-laguntza hauek eskuratu ahalko dituzte. Elementu bakoitzeko, gehienez, % 50 jaso ahalko da, betiere 360 eurotik pasa gabe, errotulu edo toldoak euskara hutsez baldin badaude. Zenbatekoaren % 30 da diru-laguntza, testua bi eletan dagoen kasuetan, hori bai, euskara era batera edo bestera lehenetsi beharko da testu elebidunetan.