Albisteak

 

Aste honetan hasi dira Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatuko diren jarduerak. Meatzaldeko udalerrian adin tarte guztietarako jarduerak izango dira, besteak beste, hezkuntza zentroetako ikasleentzako antzezlan bat, tailerrak, ipuin kontaketa bat, Jone Uria eta Sustrai Colinaren bertso afaria, Mikel Urdangarinen kontzertua eta Pico Ramosera igotzeko herri martxa.

Asteazkenean, azaroak 29, “Alizia Lurralde Miresgarrian” antzezlana izango da, Meatzari Aretoan, herriko hezkuntza zentroetako ikasleentzat. Asteazken arratsaldean, berriz, Xake tailerra izango da, 17:00etatik 19:00etara, Meatzari Aretoan. Ostegunean, 10:30etik aurrera, Mintzodromoa izango da. Mintzodromoan, euskaraz dakitenek beste euskaldun batzuekin hitz egiten dute, gai desberdinei buruz. Ostiralean txikienen txanda helduko da, izan ere, 17:30etik aurrera, “Sorgina Txirulina” ipuin kontaketa izango dugu, Muskizko Udal Liburutegian. Ostiral iluntzean, berriz, 19:30etik aurrera, Mikel Urdangarin kantautorearen musikaz gozatzeko parada izango dute Meatzari Aretora gerturatzen diren guztiek. Kontzerturako sarrerak 5 euroan jarri dira.

Asteburura arte luzatuko da Muskizko Euskararen astea. Larunbatean, 17:00etatik 19:00etara, arraun tailerra izango da; eta ondoren kalejira bat izango da. Gaueko 22:00etan, Bertso Afaria izango da. Afalostean kantuan arituko Jone Uria eta Sustrai Colina. Bertso afarirako tiketak Gaztegunean eskura daitezke 10 eta 12 euroan. Euskararen astea igandean bukatuko da, abenduaren 3an. Igande goizean, ohiko mendi martxa izango da, Pico Ramosera. Ibiltariak goizeko 10:00etan abiatuko dira, Meatzari plazatik, eta bukatutakoan hamaiketakoa eskainiko da, Ortze Tabernan. Igande goizean, mendi martxaz gain, Euskararen Asteko Pala Txapelketako finalak ere izango dira, bai eta esku pilota erakustaldi bat ere. Bukatzeko, igande arratsaldean, Lego Ninjago filma eskainiko da, 17:00etan, Meatzari Aretoan. Sarrerak, beti bezala, 4 euroan jarriko dira.

Egitaraua (PDF 100KB)