Albisteak

 

Muskizko Udalak aurrekontu parte hartzaileak abiarazi ditu 2018. urteko ekitaldiari begira. Hori horrela izanik, gaurtik, alegia, azaroaren 15etik, abenduaren 7ra arte, erabakiak hartzeko prozesu honetan parte hartu ahalko dute udalerriko auzotar guztiek, meatzaldeko herri hau hobetzen eta hazten jarraitzeko. Ildo beretik, komeni da nabarmentzea berrikuntza gisa, Muskizko Udalak aurreko urtean baino aurrekontu handiagoa duela proiektu hauek guztiak gauzatu ahal izateko, hain justu ere, orotara, 200.000 euro bideratuko dira egitasmo hauetan.

Aurrekontu parte hartzaileen harira, herritarrak informatzeko kanpaina bat ipini du abian Muskizko Udalak, muskiztar guztiek jakiteko ze bide daukaten eskura aurrekontuetan parte hartzeko. Informazioa zabaltzeko, batik bat, udalerriko etxebizitzetan buzonetatuko den eskuorri bat erabiliko da, zeinean argi azaltzen baitira aurrekontu parte hartzaileen nondik norakoak; eta horretaz gain, komunikabideen bidez eta Udaleko webgunearen bidez ere zabalduko da aurrekontu parte hartzaile hauei buruzko informazioa.

Horren ondoren, eta hasierako aurreikuspenen arabera, behintzat, 3 astez, Muskizko Udalak erabilgarri ipiniko ditu Muskizko herritarrek eta nortasun juridikoa eta helbide soziala Muskizen duten entitateek euren proposamen zehatzak Udalera helarazi ahal izateko bideak:

  • Esku-orrietan egongo den galdetegia bete eta aurrez aurreko arretarako Udal bulegoetan, Linea Berdeko buzoietan edo Udal Kiroldegian dagoen herritarrek parte hartzeko buzoian aurkeztuta.
  • Proposamenak Udal bulegoetan euskarri digitalean aurkeztuta, USB memoriak, SD txartelak, CD, DVD eta abarrak erabiliz.
  • Aurrekonturako proposamenak helbide elektroniko honetara bidalita: muskizirekia@muskiz.com.
  • Galdetegi digital hau beteta.

2018. urteko aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak aurkezterakoan, muskiztarrek hizkuntza erraza erabiliz azaldu beharko dute zer hobetu nahi duten eta zergatik, proposatutako ekimenen irismena, eta estimatutako aurrekontua, aurrekontua jakin ahal izanez gero. Horretaz gain, azaltzen den ideia hori argiago ulertzen lagun dezakeen bestelako dokumentazio osagarria ere aurkez dezakete, argazki, bideo, plano edo irudiak erabiliz.

Aurrerago, Muskizko Udaleko zerbitzu teknikoek proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dute, eta beharrezko baldintzak betetzen dituzten proposamen horiek egitasmo bihurtuko dituzte. Herritarrek aurkezten dituzten proiektuak aztertu eta gero, aurrera aterako diren proiektuen behin betiko zerrenda emango du ezagutzera Muskizko Udalak eta ekitaldi honetako aurrekontuen bidez finantzatu ezin diren proiektuak interesekotzat hartu eta zuzenean sartuko dira 2019. urteko aurrekontuetako herritarren partaidetzako proiektuen barruan.

Informazio liburuxka (PDF 166KB)