Albisteak

 

Landare motako olioa, etxeko olioa eta erabilitako olioa jasotzeko sistema berria izango dute Muskizko bizilagunek. Guztira, 14 edukiontzi automatizatu instalatuko dira; eta, sistema berri honi esker, birziklatzeko berezko ontziak dauzkaten edukiontziak izango dituzte eskura Muskizko bizilagunek. Guztira, urteko 26.620 eurokoa da olioa biltzeko sistema honen lizitazio prezioa.

Orain arteko edukiontzietan, plastikozko edozein ontzitan sartuta uzten zen olioa; edukiontzi berri hauetan, berriz, esleipendun enpresak Muskizko auzotarren artean banatuko dituen birziklatzeko berezko ontzi batzuk erabiliko dira. Edukiontzietan ontzi berriak hartu eta garbitu ahalko dira, horrela, herritar batek ontzi bat birziklatzen duen aldiro, makinak beste pote garbi bat emango dio.

Gaur egungo sistemaren aldean, bistakoa da edukiontzi berri hauen hobekuntza, izan ere, telekudeaketa bidezko edukiontzi automatizatuak dira; eta, adibidez, momentuan jakin ahalko da noiz hustu behar den edukiontzia, edo noiz behar diren ontzi gehiago. Ildo honetatik, nabarmendu behar da, guztira, urteko 26.620 eurokoa dela lizitazio prezioa, aurreko kontratua baino gehiago, beraz. Nolanahi ere den, hobekuntzak lortu nahi dira zerbitzu honen bitartez; izan ere, sistema berri honi esker, funtsean, igo egingo dira Muskizko birziklatze ratioak.