Albisteak

 

Aurreko urteetan bezalaxe, Muskizko Udaleko Kultura Sailak, Musika eta Umore Antzerkialdia antolatu du, azaroaren 4rako, 11rako eta 18rako (larunbatak). “Tanatorium” eta “El último que apague la luz” lanak Meatzari Aretora hurbiltzen diren auzotarrei irribarre bat ateratzen saiatuko dira. Oraingo honetan, “The Primitals” izeneko antzezpenaren eskutik ailegatuko da musika Meatzarira.

Ikuskizun hauetako sarreren prezioa 12 eta 18 euro artekoa da. Dena dela, Muskizko Udalak 35 euroko harpidetza ere jarriko du ikus-entzule guztien eskura, aurtengo hiru antzezpenetara sartzeko eta ostiral honetan, azaroak 3, Meatzari Aretoan izango den Coral Siglo XXI izeneko Argentinako abesbatzaz gozatzeko. Interesa duten guzti horiek dagoeneko sarrerak eskura ditzakete Muskizko Meatzari Aretoko leihatilan eta udalerriko Kultur Etxean.

Azaroaren 4an (larunbata), 19:30ean, Félix Albók zuzendari eta aktoreak “Tanatorium” lana eskainiko du, bizitzari, heriotzari eta isiltasunari buruzko aktore bakarreko ikuskizuna. Azaroaren 11n (larunbata), berriz, Ema Ozores eta Vicente Renovell aktoreen txanda izango da, zeintzuek bizitzaren hainbat egoera hezurmamituko dituzten. 2010. urteko komedia onenaren saria erdietsi zuen Antonio Ozoresek zuzendu eta idatzitako lan honek.

Bukatzeko, azaroaren hirugarren larunbatean, musika eta ikuskizunaren tenorea izango da. “The Primitals” delako lanak Meatzari Aretoko eszenatokia beteko du. Soinu banda bikain batek lagundutako umore eta dibertsio ikuskizuna.

Antzerkialdi hau antolatu ahal izateko elkarrekin lan egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Muskizko Udaleko Kultur Etxeak.

Informazio gehiago (PDF 150KB)