Albisteak

 

Muskizko Udalak argi berdea eman dio lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzako heziketa afektibo-sexualeko programaren jarraipenari. Udal zerbitzu hau oso ondo baloratu dute Muskizko udalerriko hezkuntza zentroek, batez ere, oinarrizko sexu heziketa, aniztasun sexuala, berdintasuna eta hezkidetza programei esker. Urteko aurrekontu osoa 8.800 eurokoa da, eta Desirak-Sexologia eta Generoko Zerbitzua enpresak jarraituko du zerbitzuaren kudeaketa bideratzen.

Orotara, udalerriko hezkuntza zentroetako 536 ikasle inguruk hartu dute parte Muskizko Udaleko heziketa afektibo-sexualeko programa honetan. Egitasmo honen helburu nagusiak honakoak dira: sexualitatea balio positibotzat gizarteratzea, dibertsitate kutsuan; kontzeptua zabaldu eta finkatzea; LGTB errealitateak bistarazi eta normalizatzea; autoestimua eta familia giroko komunikazioa bultzatzea; errespetua, berdintasuna eta genero parekidetasuna bultzatzea; eta jarrera sexistak murriztea.

Muskizko Udaleko Berdintasuna eta Drogamenpekotasuna Sailak urteak daramatza udalerriko hezkuntza zentroekin lan egiten, zehazki, lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta bigarren hezkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleekin, nerabeek errespetuan oinarritutako harreman osasungarriak izateko, autoestimua indartuz eta sexu aniztasuna, akordioak, mugak eta hezkuntzaren munduan genero berdintasuna balioetsiz.

Gaur egungo uste, mito eta estereotipoak zalantzan jartzean oinarritzen da sexu heziketako programa, betiere dinamika ludiko batetik, informazioa jasoko duten horien adinera egokituz eta metodologia hurbil eta parte hartzaile baten bitartez interesa piztuz. Horretaz gain, familiekin ere lan egin da heziketa afektibo-sexualeko zerbitzu honen barruan, hain justu ere, 30 pertsonekin, familia aniztasuna, emozioen kudeaketa eta sexualitatea jorratu dituzten saioen bitartez.

Balorazio ona

San Juan Bautista, Muskizko Ikastola eta Cantarrana Eskola lehen hezkuntzako zentroek 9,6 batez baloratu dute Muskizko Udalak eskainitako zerbitzua, aurrera atera diren tailerrengatik, zerbitzuaren hurbiltasunagatik eta konfiantzagatik. Beste alde batetik, bigarren hezkuntzari helduta, Muskiz BHI zentroak eta Somorrostro Irakasguneak 9,5eko nota ipini diote ekimenari, batik bat, posta elektroniko baten bidez eta sare sozialen bitartez eskainitako online zerbitzuarengatik.