Albisteak

 

Urritik aurrera, Muskizek kiroltxartela programa dauka kiroldegian. Txartel birtual honi esker, udal kirol instalazioetako harpidedunek programa honekin bat egin duten beste udalerrietako kirol guneetara sar daitezke, beste udalerrietako abonatuen baldintza berdinetan.

Programa honekin bat egin duten udalerriekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimena da kiroltxartela, eta herritarrei kirol eskaintza zabaltzea eta kirola bultzatzea dira helburuak. Gaur egun, lehenengo proiektu pilotu baten ostean, Portugaleteko, Santurtziko, Ortuellako, Trapagaraneko, Zierbenako, Sestaoko, Barakaldoko, Abanto-Zierbenako eta Muskizko bizilagun guztiek beste udalerrietako kirol instalazioak erabili ahalko dituzte, dohainik edo abonatuek ordaintzen duten diru kantitate bera ordainduta, jardueraren arabera.

Ildo beretik, nabarmendu behar da kiroldegi bakoitzak kiroltxartelako erabiltzaileen sarrera mugatu ahal duela, instalazio eta ordutegi batzuetan, euren ohiko erabiltzaileekin instalazioak beteta baldin badauzkate. Muskizko kiroldegiaren kasuan, dagoeneko bertako instalazioetara sar daitezke kiroltxartelako erabiltzaileak, igeriketa ikastaroetara izan ezik, eta instalazioetako, igerilekuetako eta GYM Fitness gelako alokairua, astelehenetik ostiralera egin ahalko da, arratsaldeko 17:00ak arte, izan ere, erabiltzaile asko baitago ordu horretatik aurrera.

Kiroltxartela erabili nahi dutenek kiroltxartelako aplikazioa jaitsi behar dute sakelako telefonora eta horrela beste instalazioetara sartu ahalko dira, txartel birtual bati esker. Aplikazioa instalatu eta gero, erregistratu egin beharko dute, eta ze kiroldegitako harpidetza duten adierazi. Datuak ontzat eman eta gero, jakinarazpen bat jasoko dute, eta une horretatik aurrera, programarekin bat egin duten beste kiroldegietara sartu ahalko dira, sakelako telefonoan izango duten txartel birtuala eta NAN erakutsiz. Une honetan, 17 instalaziotan erabil daiteke zerbitzua, pilotalekuak, kiroldegiak eta igerilekuak barne, edonola ere, hurrengo hilabeteetan Bizkaia osoan erabili ahal izatea aurreikusten da.