Albisteak

 

Ezkerralde Enkarterri Gurutzetako ESIren parte den Muskizko osasun-zentroko pediatria-arloa eraberritu egin da espazioari beste aire bat emateko, eta orain funtzionalagoa eta erosoagoa da txikientzat eta haien familientzat. Guztira, 50 m2 eraberritu dira (bi kontsulta eta itxarongela bat), 27.000 euroko inbertsioa eginda. Jarduketa hori posible izan da Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIren eta Muskizko Udalaren arteko lankidetzari esker.

Eraberritze-lanetan pediatria-arloa birmodelatu da eta altzari guztiak aldatu dira, hala kontsultan eta erizaintzako aretoan nola itxarongelan. Azken horretan espazio bat gaitu da umeen itxaronaldia atseginagoa izan dadin. Lan horien ondorioz, urtean 7.400 kontsulta pediatriko jasotzen dituen espazio bat hobetu da.

Egindako jarduketen barruan bi esku-hartze desberdin burutu dira. Alde batetik, obra bat egin da, paretak zuritzeko, paretak eta sabaia margotzeko, sabai aizuna instalatzeko, instalazio elektrikoa egokitzeko, argiterian LED teknologia txertatzeko eta dekoraziozko biniloak jartzeko hiru eremuetan.

Bigarren esku-hartzean altzariak eta dekoraziozko elementuak instalatu dira, espazioa erakargarriagoa izateko:

  • Pediatria eta erizaintzako kontsultan altzari guztiak berritu dira (armairuak, tiraderak-altzariak, bulegoko mahaiak eta aulkiak, bisitentzako aulkiak, konketa...). Gainera, irudi atseginagoa eman zaio eremuari, idazmahai gaineko eta paretako bereizleak eta apaingarriak instalatuta (landare artifizialak, koloretako apal eta markoak, ohol imanduak...).
  • Pediatriako itxarongelan haurrentzako egokiagoa den giro bat sortu da. Horretarako, aldalekua aldatu da, haurrentzako txoko bat sartu da (mahaiak, aulkiak, tabureteak eta apalak liburuekin) eta ohol imanduak dituen paretako bereizle bat instalatu da.

Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIk tratua, erosotasuna eta asistentziaren antolakuntza hobetzeko asmoz abiarazi duen estrategiaren parte da jarduketa hau.

Informazio gehiago:
Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIren komunikazio-bulegoa
94 600 64 28