Albisteak

 

Muskizko Udalak 35.000 euroko partida onartu du, Muskizko udalerriko etxebizitza kolektiboetan fatxadak berriztatzeko eta igogailuak instalatzeko laguntzak bideratu ahal izateko.

Aurkezten diren proiektuak diruz laguntzeko zenbateko osoa aurrekontuaren % 20 izango da bi kasuetan, betiere muga hauen barruan: fatxadak eraberritzen dituztenentzat 1.200 eta 1.500 euro arteko muga ezarri da etxebizitza eta lokal bakoitzeko; instalatzen den igogailu bakoitzeko, berriz, 10.800 euro emango dira gehienez. Fatxadetako obretan, gainera, aparteko atala dago, arkitekto eta aparejadoreen ordainsari teknikoak diruz lagundu ahal izateko.

Aurrekontu partida honek 35.000 euro dauzka eta diru kopuru hori jasotako eskabide guztien artean zati berdinetan banatzea aurreikusten du Muskizko Udalak. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzekin bateragarriak dira Muskizko Udaleko diru-laguntza hauek.

Gaur egun igogailurik ez duten eraikinetan igogailuak instalatzeko laguntzei dagokienez, etxebizitzek 10 urte baino gehiagoko antzinatasuna izan beharko dute. Hala ere, honako salbuespena jasotzen du ordenantzak: etxebizitza modernoagoetan ere laguntzak eskainiko dira, bertan mugikortasun arazoak dauzkaten pertsonak bizi badira eta etxebizitzara lekualdatu ostean egoera horretan badaude edo hirurogei urtetik gorako bizilagunak badaude.

Diru-laguntzak ebatzi eta gero, eman egingo dira, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak Sailaren proposamenari jarraiki, alkatetzaren ebazpen bidez. Laguntzaren % 50 igogailua instalatzeko obren hasieran emango da; eta gainerako % 50, obra amaierako ziurtagiria aurkeztu eta gero.