Albisteak

 

Emakumeen memoria historiko kolektiboa berreskuratzeko lanean, oraingo honetan garbitegi publikoetan oinarritu da Muskizko Udaleko Berdintasun Saila. Berez, publikoak izan arren, izaera pribatu eta genero marka izan zuten garbitegiek, izan ere, emakumeek bakarrik erabiltzen zituzten, etxeko lan pribatuetarako. Garbitegietako lanaren berri emateko, apirilaren 7an, 18:00etan, Kultur Etxeko M aretoan, “Uretako ispiluak” izeneko bideoa eskainiko da.

Bideo honek ahotsa eman nahi die udalerrian egon ziren garbitegietara joan ohi ziren emakume horiei. Euren testigantzek argi azaltzen dutenez, garbitzeaz haragoko zeregina betetzen zuten garbitegiek, izan ere harreman eta topaketa gune ere baziren, eta bertan elkartasun sareak josten ziren. Garbitegietako lana bera albo batera utzi gabe, behar benetan gogorra, indar fisiko handia eskatzen zuena.

Emakumeen memoria historiko kolektiboa berreskuratzeko asmoz, beste ekintza bat ere egin da Muskizen, izan ere, Villanueva auzoko garbitegia berriztatu baita. Muskizko Udaleko Hirigintza Sailak bultzatuta,  Villanueva auzoko garbitegian bi mural egin dira, 50. hamarkadan inguru horretan hartutako argazki batzuk erabiliz. Argazki horietan herriko ume eta emakumeak agertzen dira. Garbitegi horrek eta beste batzuek oraindik zutik jarraitzen dute Muskizen, eta udalerriko emakume askoren memorian bizi dira. Hori horrela izanik, martxoaren 8aren harira egin diren jardueren barruan, leku hauen historiak berreskuratu nahi izan ditu Muskizko Udalak, emakumeen lekukotzen bitartez, horrela, herriko emakumeen begietatik bertako esperientziak eta bizipenak ezagutzera eman ahal izateko.

Ekitaldi honetan, “Uretako islak” aurkeztu eta eskaintzeaz gain, emakumeen memoria historiko kolektiboa berreskuratzeak duen garrantziaz hitz egiteko parada ere izango da, garbitegiak eta antzeko lekuak berez izan dezaketen funtzionaltasunetik harago birpentsatzeko edo birdefinitzeko, eta emakumeei protagonismoa eta ahotsa emateko, eurak barik ezingo bailitzateke lan hau aurrera atera.