Albisteak

 

XI. Ehiza, Arrantza eta Natura Azokan parte hartuko du Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak, eta aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere irailaren amaiera aldera izango da hitzordua. Aurtengo edizioan ere Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak hartuko du parte, bigarren urtez jarraian; eta, besteak beste, Reverse Vending motako makina bat instalatuko da. Ildo beretik, aurrera begira udalerrian gisa horretako makina bat instalatzeko aukera aztertzen ari da Muskizko Udala.

Irailaren 23an (larunbata) izango da azoka, goizeko 10:00etatik aurrera, Muskizko San Juan plazan, ohi bezala, Arraintxori Arrantza eta Ehiza Elkartearen eskutik. Ekitaldi honetako antolatzaileen ahotan, festa hau ez da helduentzat bakarrik, eskola-umeentzat ere bada; eta horregatik, edizio honetan, besteak beste, haurrentzako tailerrak antolatuko dira, eta puzgarriez eta haurren futbolin batez ere gozatuko ahalko dute etxeko txikienek. Ehiza, Arrantza eta Natura Azokako aurtengo edizioan, guztira, 50 stand baino gehiago elkartuko dira.

Natura Azoka

Ingurumen Sailak ere stand bat izango du, eta bere gunera hurbiltzen direnek Laratza Sukaldaritza Eskolak sukaldaritza osasungarriari buruz emango duen tailer batez gozatu ahalko dute. Tailer horretan Arraintxori elkartekoek arrantzatutako produktuak dastatu ahalko dira, sukaldaritza berrian eta tradizionalean oinarrituta. Horretaz gain, Areitz Soroak nekazaritza ekologikoari buruzko tailer bat eskainiko du. Era berean, etxeko txikienek eurentzako berariaz prestatutako nekazaritza eta sukaldaritza tailerrak ere izango dituzte, eta gilda eta grillo zaporetsuak prestatu ahalko dituzte.

Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak Reverse Vending motako makina bat ipiniko du azokan. Aurten, horixe izango da Ingurumen Sailaren berrikuntza nagusia. Altzatu eta Birziklatu enpresa instalazioaz arduratu eta makina horiek nola funtzionatzen duten erakutsiko du. Makina erabiltzen duten horiek oparien truke aldatu ahalko dituzten eko-tiketak eskuratu ahalko dituzte. Azokako hainbat jardueretan parte hartzeagatik edo birziklatzeagatik sariak banatuko dira, ekopuntuen bidez; eta ekopuntu horiek Ingurumen Sailak banatuko dituen produktuen truke aldatu ahalko dira: 1.000 LED bonbilla, 1.500 zurrusta hausteko gailu eta 1.000tik gora kamiseta, gorra eta amantal.

Produktuak saltzeko ohiko makinetan erabiltzaileek dirua sartu ohi dute produktu bat eskuratzeko, eta Reverse Vending makinetan antzeko makinak erabiltzen dira, baina kasu honetan, izenak berak adierazten duen bezalaxe, itzuli egiten da prozesua. Hau da, erabiltzaileek erabilitako produktu bat edo ontzi bat sartzen dute, era makinek pizgarriak itzultzen dituzte. Kasu honetan, eko-tiket delakoak, bat egin duten saltokietan aldatzeko.

Reverse Vending makina hauek hondakinak birziklatzeko benetako makinak dira, vending makina itxuran. Bezeroek ontziak sartzen dituztenean, makinek txikitu egiten dituzte, bolumena txikitu eta makina barruko biltegian gordetzeko.

Ingurumen jarduerak

Legealdi honetako helburuen barruan, azokan parte hartzen jarraitu nahiko luke Ingurumen Sailak, herritarrak ingurumen praktika onei buruz eta iraunkortasunari buruz kontzientziatzeko eta gisa honetako jarduerak bultzatzeko. Ildo horretatik, hainbat auto elektriko jarriko dira, Mercedes-Benz Aguinagaren eskutik, eta hala nahi duten guztiek autoak probatu ahalko dituzte. Bizikleta elektrikoak ere izango dira, proba zirkuitu batean pedalei emateko, Decathlon enpresak antolatuta. Horretaz gain, Muskizen ekoitzitako produktuen stand bat ere izango da, ukenduak, nekazaritzako elikagaiak, marmeladak, frutak, esku lanak eta abarrak erakusteko.

Gustu guztientzako jarduerak

Aurreko urteetan bezalaxe, natura maite duten horiek dagoeneko ohikoak bihurtu diren ehiza zakurren eta hegazti harraparien erakustaldiez eta hegaztien argazkien erakusketaz gain, erreskate bat ikusi ahalko dute bertatik bertara, zeinean Ertzaintzako helikoptero batek eta zakur unitateak parte hartuko baituten. Nolanahi ere, indarrak hartzeko gune bat ere izango da Muskizko Ehiza, Arrantza eta Natura azokara hurbiltzen direnentzat, harkaitzetako arraina, basurdea, ardoa, txakolina eta Enkarterriko eta Kantauriko hainbat nekazaritza produktu dastatzeko.

Aipatutako horietaz gain, irailaren 17ko Muskizko azokan, ehiza eta arrantza stand bat ere izango da, hainbat ekoizleren itsasoko eta ibaiko arrantzako material ugariren erakusketa, BTQ lokarri tailerrak, mikologia erakusketak, sendabelarrak, Euskal Herriko Meatzaritza Museoko fosilak eta Trueba Zentroaren Enkarterriri buruzko dibulgaziorako materiala.

Korrokoiak hil gabe arrantzatzea Barbadun ibaian

Tiratze modalitate desberdinak (arkuak, karabinak, tiragomak) izango dira; eta euli artifizial tailerra, lehorreko jaurtiketa jartailu eran eta heriotza gabeko korrokoien arrantza Barbadun ibaian (parte hartzaileek euren kanaberak ekarri beharko dituzte), denak ere Ninfa elkartearen eskutik. Horiek osatzen dute azoka honetako jarduerak. Jakingura gehien dutenek, artisautzaz ere gozatu ahalko dute, egur tailak, apeu artifizialak, bastoiak, itsasontzien eta hegazkinen maketak, antzinako objektuak, animalia itxuradun metalak, labanak, giltzatakoak eta txapak izango baitira; bai eta taxidermia eta ehiza artisautza ere (adarrean, metalean, egurrean eta labanetan).

XI. Ehiza, Arrantza eta Ingurumen Azoka biribiltzeko, herri bazkaria egingo da Berria pilotalekuan, 15:00etan, 13 euroan. Izena emateko, Arraintxori taldearen lokalera hurbildu behar da, irailaren 18an eta 19an, 10:30etik 13:00era. Bazkaldu bitartean, arrantza lehiaketako eta klubeko pertsona nabarmenduek eta bazkideek lortzen dituzten sariak banatuko dira.

Kartela (PDF 718KB)