Albisteak

 

Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten dituzten haurren familiek eskolako materiala erosterakoan izaten dituzten gastuak arintzera bideratutako laguntza programa onartu du Muskizko Udalak. Helburu honi begirako aurrekontu partidaren zenbateko osoa 20.000 eurokoa da; hortaz, aurreko ikasturteko diru-kopuru bera izango da aurten.

Muskizen erroldatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko zentro publiko edo pribatuetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahalko dituzte Udaleko diru-laguntza hauek. Eskabideak aurkezteko epea aste honetan ireki da eta irailaren 29an, ostiralean, bukatuko da.

Laguntza programa honetako diru-kopurua zati berdinetan banatuko da, onartzen diren eskabide guztien artean. Nolanahi ere, Muskizko Udalak onartutako oinarrietan zehazten denez, laguntza indibidual bakoitza ezin da 180 eurotik gorakoa izan.

Aurkezten diren eskabideak baloratzeko bi irizpide hauek hartuko dira kontuan: familia unitatean dauden pertsona kopurua eta familia unitateko pertsonen diru-sarrerak. Hori horrela, familia gurasobakarren kasuetan, gehienez, 16.791,36 euroko diru-sarrerak izan ahalko dituzte; eta 18.574,50 euroan dago muga, elkarbizitza unitatea hirukoa edo hirutik gorakoa baldin bada. Diru-laguntza hauek jasotzeko eskabidearekin batera Familia Liburuko eta Nortasun Agiriko fotokopiak aurkeztu behar dira, bai eta Errenta Aitorpena ere.

Kartela (PDF 114KB)