Albisteak

 

Hurrengo igandean, hilak 17, festa giroa nagusituko da Muskizko udalerrian, Muskizko nekazaritza azokako XXXV. edizioa ospatzeko. Bizkaiko nekazaritzako produktuek, Txakolin eta zaldi lehiaketek eta bertako abereen erakusketak udalerriko jai honetara hurbiltzen diren horien arreta bereganatuko dute, eta aurreko urteetan bezalaxe, ehunka lagun elkartzea espero da.

Muskizko nekazaritza azoka bisitatzera etortzen direnek 75 saltoki izango dituzte San Juan plazan: gaztak, frutak, barazkiak, eztia, hestebeteak, gozogintza, txakolina, kontserbak eta are nekazaritza makineriako erakusketa bat ere. Abeltzainak hurbiltzen diren horien ikusmira asebetetzen saiatuko dira, eta horretarako hainbat zaldi, behi, ardi eta ahuntz arraza erakutsiko dituzte. Horretaz gain, Fernandez Terreros Harategiak Eusko Label okelaz egindako eta egur ikatzaz erretako 1.000 mini hanburgesa baino gehiago eskainiko ditu. Hanburgesa pintxoak 1,50 euroan jarriko dira salgai.

Orotara, 13 gazta erakustoki izango dira, Idiazabal izendapeneko ordezkariak eta beste gazta mota batzuetakoak. Horiekin batera, okintzako eta gozogintzako ordezkariak ere bertaratuko dira aurtengo azokara. Nolanahi ere, Txakolin Zuriaren Sari Nagusira aurkeztuko diren txakolin upeltegiek bereganatuko dute arreta gehien.

Orotara, ardien eta behien 98 abelburu eta 24 ahuntz baino gehiagok hartuko dute parte Muskizko azokako bertako abereen erakusketan. Zaldien erakusketari dagokionez, arraza garbiak eta arraza gurutzatuak izango dira, eta guztira 35 animaliek eman dute izena. Azokako antolatzaileek 800 euro baino gehiago banatuko dituzte zaldi lehiaketako sarietan. Berrikuntza gisa, heziera bakero batez ere gozatu ahalko dute azokara etortzen direnek.

Bertako merkataritzako azoka

Nekazaritza eta abeltzaintza azokaren egun berean, hau da, irailaren 17an, igandean, Aukeren eta tokiko merkataritzaren sustapenaren X. azoka ospatuko du Muskizko Merkatarien Elkarteak, udalerriko San Juan plazako pilotalekuan. Orotara, 10 stand jarriko dira, eta saltoki horietan hainbat produktu ikusi eta erosi ahalko dituzte bisitariek, goizeko 09:30etik arratsaldeko 15:30ak arte.

Kartela (PDF 112KB)