Albisteak

 

Sua prebenitzeko zerbitzua eskaintzen jarraituko du Muskizko Udalak, udalerrian bizi diren pertsona zaharrei begira. Suteen aurkako neurriak hartzeko zerbitzu hau duela pare bat urte ipin izen abian eta oso harrera ona izan du. Besteak beste, keak detektatzeko instalazioak ipini eta etxebizitzetatik ateratzeko krokisak egiten dira, betiere erabat dohainik; horrela, udalerriko zaharren segurtasuna handitu nahi da, bai eta zaharren autonomia erraztu ere, euren inguru hurbilean.

Helburu honi begira, Muskizko Udalak 11.000 euroko aurrekontua dauka (BEZ barne), eta zerbitzu honen helburua da zaharren etxebizitzetan suteak izateko arriskuak murriztea. Izan ere, arriskuko taldea dira zaharrak, kasu askotan bakarrik edo beste pertsona zahar batzuek lagunduta bizi baitira. Suteak prebenitzeko, hainbat lan eramango dira aurrera: etxebizitzen inguru fisikoa aztertuko da; gas, galdara, aireztatze, berogailu eta abarren instalazio okerrek eragin ditzaketen suteak identifikatuko dira, horrelakorik egonez gero; kea detektatzeko sistemak instalatuko dira; eta pertsona zaharren autonomia, izan ditzaketen kalte kognitibo eta sentsorialak, mugitzeko mugak… eta euren bestelako behar sozialak baloratuko dira.

Gizarte Ekintza Sailaren bitartez, Muskizko Udalak babesteko neurriak bultzatu nahi ditu talde ahulen artean, segurtasunari dagokionez, besteak beste, udalerriko pertsona zaharren artean -gaitasun mental eta fisiko osoak izan arren-, izan ere, sute bat pairatzeko arrisku handiagoa daukate zaharrek, erreakzionatzeko denbora luzeagoa behar dutela eta.

Keak detektatzeko sistemak instalatuta, programa honetan parte hartzen duten zaharren segurtasuna handitzeaz gain, euren autonomia luzatzeko aukera ere eskaintzen zaie udalerriko zaharrei, eta horrela denbora luzeagoz gozatu ahalko dute euren etxebizitzaz eta inguru hurbilaz. Gaur egun, meatzaldeko udalerri honetako 131 etxebizitzetan erabili ahalko dute neurri hau, eta horretaz gain, kea detektatzeko beste 22 sistema osagarri ere ipiniko dira.