Albisteak

 

Muskizko Udalak hurrengo lau urteotarako lankidetza-akordioa lortu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Pinturako Masterra egiten ari diren ikasleek herrian egin ditzaten euren praktika akademikoak. Margolanen bitartez, ikasleek imajinazioa erabiliko dute, Muskizko memoria berpizteko eta bertako kaleak kolorez betetzeko.

Trebakuntza-jarduera horren helburua da prestakuntza akademikoan eskuratu dituzten ezagutzak aplikatu eta ikusaraztea. Modu horretan, gaitasunak eskuratuko dituzte, jarduera profesionaletan aritzeko, ekintzailetza-gaitasuna sustatzeko eta enplegagarritasuna ahalbidetzeko.

Horma-irudia La Rigada auzoan

EHUko ikasleen lehenengo horma-irudi urbanoa La Rigada auzoan ari dira egiten, eta inguru horretako historia azaleratzea da margolanaren gaia. Udalaren aurreikuspenen arabera, horma-irudi gehiago egingo dira, baina auzoak eta tokiak zehaztu gabe daude oraindik. Unibertsitateko irakasleak arduratuko dira kokalekuak aukeratzeaz, Udalak horretarako egokiak diren herriko zenbait toki erakutsi ostean.