Albisteak

 

Muskizko San Juan jaiak ostiral honetan hasiko dira, ekainaren 23an, jaietako ekitaldi nagusiarekin, alegia, urtero 3.000 lagunetik gora elkartzen dituen zuzien jaitsierarekin. Zuzien jaitsieraren aurretik, 19:30ean, Meatzari plazan, txupinak eta pregoiak jaiei hasiera emango diete. Aurten, honakoen esku dago pregoia eta txupina: Barbadun Pelotazale Elkartea, Intzarri dantza taldea eta Juventud Deportiva Somorrostro futbol taldea. Zuzien jaitsiera ospetsuari ekiteko, 22:30ean, geltokian elkartuko dira Muskizko auzotarrak eta kanpotik etortzen direnak. Jaitsieraren ondoren, Astondoaren su artifizialen txanda izango da; eta bukatzeko, Kresala musika taldeak lehenengo egunari amaiera emango dio.

Larunbatean, ekainaren 24an, goizean, txikientzako puzgarriak izango dira, meza nagusia eskainiko da, eta tortilla eta paella lehiaketak jokatuko dira, San Juan zelaian. Arratsaldez, berriz, mus txapelketa, profesionalen lau eta erdiko txapelketa Bengoetxea VI eta Olaizola II pilotariarekin, dantza jaitsiera eta fanfarre lehiaketa izango dira. Geroago, zehazki, 20:30ean, Meatzari Aretoan, Muskizko Oihartzuna Abesbatzak kontzertua eskainiko du, Ourenseko Orfeón de O Carballino abesbatzarekin batera, eta gauean bertako taldeen txanda izango da: Bat Gutxiago eta Código Penal. Horien ostean, 24:00etatik aurrera, dantzaldia eskainiko du Gora Herria taldeak. Igandean, ekainaren 25ean, auto klasikoen erakusketa izango da Pobeñan, tiragoma lehiaketa eta haur parkea. 17:00etatik aurrera, mus eta briska lehiaketetako finalak jokatuko dira, eta 18:30ean, Bizkaiko Harri-zulatzaileen Ligako proba. Egunari bukaera emateko, ballet jaialdia izango da Meatzari Aretoan, bai eta bilbainadak ere.

Jaietako bigarren asteburuari begira, ekainaren 30ean, txikientzako ur puzgarriak izango dira, egun osoan zehar; arratsaldean, berriz, 20:00etan, Meatzari Aretoan, antzerki saio bat eskainiko du Juego de Damas taldeak. 21:30ean, herri afaria izango da herriko pilotalekuan. 23:30ean, Mägo de Oz taldeak kontzertua eskainiko du, eta kontzertuaren ostean, Akerbeltz taldearen dantzaldiaren txanda iritsiko da. Uztailaren 1ean, San Juan jaietako azken egunean, 13:00etan, bertso saioa izango da, arrantza lehiaketa; eta arratsaldean, 19:00etan, sardina jana, txinga lehiaketa eta Herri Kirolen erakustaldia. Gaueko 23:30etik aurrera, jaiei amaiera emango die Montecristo Show musika taldeak.

Egitaraua (PDF 209KB)