Albisteak

 

Burdinazko Mendietako Bide Berdeko Megaduathloia babestuko du Muskizko Udalak. Proba honek Trenbide Zaharraren ibilbidea zeharkatuko du, Traslaviñatik (Artzentales) Pobeñaraino. Ekimen hau Enkarterrialde Enkarterriko Landa Garapenerako Elkarteak antolatzen du eta Artzentaleseko, Galdameseko, Sopuertako, Abanto-Zierbenako eta Muskizko Udalek babesten dute. Kirol proba hau 2017ko azaroaren 5ean izango da, 08:00etatik 16:00etara, eta, orotara, 74 kilometro egin beharko dira (37 kilometro joateko eta beste 37 kilometro etortzeko) bide berdetik, korrika eta bizikletaz.

Elkarte horrek eta arestian aipatutako udalek lankidetza hitzarmena sinatu zuten, Burdinazko Mendietako Bide Berdeak Enkarterri eskualdeari aberastasuna eta enplegua ekarri ahal izateko; eta, besteak beste, Megaduathloia sortu zen, bide zahar honen erabilera, ariketa fisikoa eta kirola sustatzeko, kirol proban parte hartuko duten enpresa eta elkarteak zabaltzeaz gainera.

Kirol proba honetan joaneko 37 kilometro egin beharko dira eta itzulerako beste 37 kilometro. Taldekako proba da, eta txandaka egingo da. Lehen parte hartzaileak 15 kilometro egingo ditu korrika; bigarrenak, 14 kilometro korrika; eta hirugarrenak, 8 kilometro korrika. Bukatzeko, taldeko laugarren kideak bizikletaz egin beharko ditu geratzen diren 37 kilometroak.

Probaren irteera Sopuertako Bezi auzoko zelaietan kokatuko da. Lehenengo parte hartzailea hemendik aterako da, eta La Aceñako (Galdames) geltoki zaharreraino iritsiko da. Hor lekukoa emango dio bigarrenari eta bigarren korrikalaria Abanto-Zierbenaraino ailegatu beharko da. Azken korrikalariak 8 kilometroko distantzia osatuko du, Pobeñaraino. Eta Pobeñan lekukoa emango dio laugarren eta azken parte hartzaileari. Laugarren parte hartzaileak bizikletaz osatu beharko du bere hiru taldekideek egindako distantzia osoa. Taldeak gizonek osatutakoak, emakumeek osatutakoak edo mistoak izan daitezke, eta hiru sari egongo dira kategoria bakoitzeko.

Izen-ematea eta lehiaketako oinarriak

Kirol proba honetan parte hartu nahi dutenek www.megaduatlon.deskonecta.com webgunearen bidez eman beharko dute izena, 2017ko urriaren 15a baino lehenago. Izena emateko, 88 euro ordaindu behar dira federatuen kasuan; eta 124 euro federatuta ez daudenen kasuan. Gehienez 200 taldek -800 kirolarik- eman ahalko dute izena. Parte hartzeko 18 urtetik gora izan behar dira. Dena dela, 16 eta 18 urte artekoek ere parte hartu ahalko dute, aldez aurretik aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimen sinatua aurkeztuta.

Kartela (PDF 1,88MB)