Albisteak

 

Zuzien Jaitsiera tradizionala, aurten zuziak desberdin banatuko direlarik, Herri Kirolak, Harri-zulatzaileen XVIII. Liga, esku pilotako partidu profesionalak, aizkolariak eta harri-jasotzaileak eta fanfarre eta irrintzi lehiaketak izango dira Muskizko San Juan jaietako jarduera nagusiak. Horietaz gain, euskal dantzak, buruhandiak, bertsolariak, lehiaketa gastronomiko tradizionalak eta Mägo de Oz taldearen kontzertua ere nabarmentzen dira 2017ko Muskizko San Juan Festen egitarauan.

San Juanei hasiera emango dien txupina honakoen esku dago aurten: Barbadun Pelotazale Elkartea, bere 50. urtemugarengatik; Intzarri Dantza Taldea, kulturari eta folkloreari eskainitako urteengatik; eta Somorrostro Futbol Taldea, hirugarren mailara igotzeagatik. Txupina 19:30ean izango da, ekainaren 23an (ostirala), Meatzari plazan.

Era berean, muskiztarrak eta herrira etortzen diren guztiak 22:15ak inguruan elkartuko dira, Muskizko geltokian, dagoeneko aski tradizional bihurtu den Zuzien Jaitsieran parte hartzeko. Aurtengoan, 3.500 ale banatzea aurreikusten du jai batzordeak, dena dela, 500 ale gehiago ere badaude. San Juan sua Petronorreko biltegiaren ondoan ipiniko da, kiroldegiaren ondoan.

Jaiek bi asteburu iraungo dute, eta horretaz gain, beste berrikuntza bat ere badago aurten; izan ere, zuziak beste era batera banatuko dira, segurtasun arrazoiengatik. San Juan gaua ostirala denez, jaitsierara jendetza handia etorriko dela aurreikusten da; eta hori horrela, antolatzaileek eta Udalak zuzien ohiko banaketa sistema aldatzea erabaki dute, segurtasun arrazoiengatik eta izan litezkeen arrisku egoerak saihesteko.

Aurten, ekainaren 19tik (astelehena) 22ra (osteguna), 11:00etatik 13:00era eta 17:30etik 20:00etara udalerriko Kultur Etxean, doan jaso ahalko dira zuziak. Muskizen erroldatuta egotea da zuziak jasotzeko baldintza bakarra eta etxebizitza bakoitzeko adinez nagusia den herritar baten NAN aurkeztuta, etxebizitza horri dagozkion zuzi guztiak eskuratu ahalko dira. 2009tik aurrera jaiotako haurrak albo batera geratuko dira, segurtasun arrazoiengatik.

Ezarritako epe horretan eskura jarritako zuzi guztiak agortzen ez badira, ostiralera arte, ekainaren 23ra arte luzatuko da epea. Egun horretan, banaketara heldu ahala banatuko dira zuziak, erroldatuta daudenen eta erroldatuta ez daudenen artean, inolako lehentasunik gabe.

Zuzien jaitsierara bertaratzen direnek euren zuziak pizten dituzte, ondoren Muskizen zehar ibilbide bat osatzeko, txistulari talde baten atzetik. Ibilbidea bukatutakoan, San Juan sura jaurtitzen dira zuziak. Jaitsieran parte hartzen dutenei ordezko beste biderik ez bilatzeko eskatzen diete antolatzaileek, egoera arriskutsuak saiheste aldera, bai eta bukatzen diren zuziak ibilbidean zehar ipiniko diren urez betetako bidoietan uzteko ere.

Gaueko 23:30ak aldera, hain justu ere, Zuzien Jaitsiera bukatzea aurreikusten den orduan, muskiztarrek eta Muskizera etortzen direnek Astondoa pirotekniaren zu artifizialez eta horren osteko Kresala taldearen dantzaldiaz gozatu ahalko dute.

Ekitaldiak, bi asteburutan zehar

Ekainaren 24an (larunbata), goizez, Muskizko buruhandiek plaza girotuko dute, horretaz gain, haurrentzako jarduerak ere izango dira: parke tematikoa, futbol 8ko hiruko torneoa, ping-pong erakustaldia eta jolas tradizionalak. Ohiko tortilla eta paella lehiaketak ere izango dira aurten, eta arratsaldean honakoen txanda izango da: esku pilotako profesionalak, mus eta pasabolo lehiaketak eta irrintzi eta fanfarre lehiaketak. Jaietako azken txanpan Bat Gutxiago eta Codigo Penal bertako taldeak eta Gora Herriaren dantzaldia izango dira.

Ekainaren 25eko (igandea) jai egitarauaren barruan, Pobeñako auto klasikoen erakusketa nabarmentzen da, 10:00etatik aurrera. Horretaz gain, ekainaren 25ean, XI. Tiragoma Lehiaketa, esku pilotako eskola txapelketa, ballet jaialdia eta Bizkaiko Harri-zulatzaileen Liga izango dira.

Ostiralean, ekainaren 30ean, herri afaria izango da, San Juan plazako pilotalekuan, bai eta Mägo de Oz musika taldearen kontzertua ere. Gaua biribiltzeko, Akerbeltz taldearen dantzaldia izango da. Larunbatean, uztailak 1, jaiei amaiera emateko egunean, herri kirolez, txinga lehiaketez, bertsolariez eta sardina jan herrikoiaz gozatu ahalko dute auzotarrek eta bisitariek. Gauaren amaieran, berriz, Monte Cristo Show eta DJ Alex izango dira.

Lehiaketa gastronomikoei begira, San Juan plazan janaria egin edo janaria bertara ekarri nahi duten horiei aulki eta mahaiak utziko dizkie Muskizko Udalak.

Horretaz gain, Ingurumen Sailak, Berdintasun Sailarekin elkarlanean, edalontzi berrerabilgarriak banatuko ditu txosnetan.

Egitaraua (PDF 209KB)