Albisteak

 

Muskizko Udalak gida hau argitaratu eta erromesen eskura ipini du, Done Jakue bidea egiten duten horientzat ahalik eta atseginena izateko Muskizko udalerriko bisita edo zeharkaldia. Erromesentzako gida hau Pobeñako aterpetxean egongo da, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz, eta udalerriko intereseko zerbitzuen berri ematen du: hainbat saltoki, taberna, jatetxe, supermerkatu, banku, ostatu eta abarren kokalekua. Horretaz gain, Done Jakue bidea bizikletaz egiten duten horiei begira, Castro Urdiales udalerrian (Kantabria) dauden bizikletak konpontzeko bi dendaren kokalekua ere jaso da erromesentzako gida honetan.

Done Jakue bidea egiten dutenei begira atera den gida erraz eta argi honetan, udalerriko erdiguneko irudiak jaso dira, bai eta Pobeña, San Julian eta El Haya auzoetakoak ere. Bai herriaren erdigunean, bai auzoetan arestian aipatutako zerbitzu horiek guztiak adierazi dira, Done Jakue bidea egiten ari direla eta herrian dauden pertsona guzti horiei lagundu ahal izateko. Gida hau erromesentzat praktikoa izan dadin, hurrengo urterako informazio osoagoa ateratzea aztertzen ari da Muskizko Udala, auzotarren eta gida erabiltzen duten horien ekarpen eta proposamenak kontuan hartuta.

Done Jakue bidea Muskizen

2016ko datuek argi adierazten dute Kantauri Isurialdeko herririk bisitatuenetakoa eta joan-etorri gehien dituenetakoa dela Muskiz, eta Pobeñako aterpetxea da erromesek gehien erabiltzen duten ostatuetako bat. Iragan den urtean, Pobeñako aterpetxeak 5.697 pertsonari eman zion aterpea, alegia, 2015. urtean baino 300 lagun gehiagok hartu zuten ostatua Pobeñako aterpetxean. Udal Korporazioaren ustez, besteak beste, kokaleku bikaina daukalako du hainbesteko arrakasta Pobeñako aterpetxeak, izan ere, erdibidean dago, mendiaren eta hondartzaren artean.

Boluntario batzuek eskaintzen dute arreta Pobeñako aterpetxean, modu guztiz altruistan. Erromesei harrera egiten diete, euren beharrei erantzunez, aholkatuz eta Done Jakue bideko gorabeherez informatuz. Aterpetxezain Boluntarioen Elkarteak, ohitura den moduan, ez die ezer kobratzen instalazio hauetan ostatu hartzen dutenei. Espainiako Estatutik eta atzerritik etortzen diren bisitariek oparien bidez eskertzen diete boluntarioei euren abegi ona.

Informazio liburuxka (PDF 1,12MB)