Albisteak

 

Ingurumen Sailak, Muskizko Udalak bultzatutako nekazaritzari buruzko jardunaldien barruan, Areitz Soroarekin elkarlanean, honako hitzaldi hau antolatu du: “Ongarritze organikoa: zure baratzerako konpost osasungarria”. Konpostatzearen erabilera eta mesedeak ezagutzera ematea da hitzaldi horren helburua.

Ildo beretik, Muskizko Udalak, orotara, konposta sortu ahal izateko 200 edukiontzi banatuko ditu, ongarritze organikoari buruzko hitzaldi horretara hurbildu eta interesa duten auzotarren artean. Informazio hitzaldi hori ekainaren 7an (asteazkena) izango da, 18:30etik aurrera, Somorrostro Irakasguneko Suberri hitzaldi aretoan.

Hitzaldira bertaratu eta konposta egiteko edukiontziak eskuratu nahi dituzten herritar horiek konpromiso orri bat sinatu beharko dute, hitzaldiaren hasieran. Idatzi horretan edukiontzia nekazaritzari lotutako lanetarako bakarrik erabiliko dutela adierazten da. Edukiontziak Muskizko Udaletxean jaso ahalko dira, horretarako, interesa duten horiek edukiontzien erabilerako konpromisoari buruzko orriak aurkeztu beharko dituzte. Bukatu arte banatuko dira edukiontziak, eta arestian aipatu denez, guztira, 200 edukiontzi ditu Muskizko Ingurumen Sailak.

Konpostatzearen onurak

Jardunaldi honen harira, Muskizko Udalak gida batzuk buzoneatuko ditu, edukiontzi hauen erabileraren onurak herritarren artean zabaltzeko, esate baterako, landareentzako ongarria ekoiztea, hondakin gutxiago sortzea eta bilketan, garraioan eta tratamenduan dirua aurreztea. Horretaz gain, diptikoan argi adieraziko da edukiontzietan ze hondakin utz daitezkeen eta zeintzuk ez, erabili nahi dituztenek horren berri izan dezaten.

Informazio liburuxka (PDF 136KB)