Albisteak

 

Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak esparru lokaleko jardunaldi gastronomiko batzuk antolatu ditu, udalerriko auzotarren errezeten bidez, bertako merkataritza sustatzeko eta janari tradizionala berreskuratzeko. “Slow” sukaldaritzako jardunaldiak maiatzean hasiko dira, eta dagoeneko euren platerak aurkeztuko dituzten bederatzi boluntario dauzka Ingurumen Sailak.

Ekimen honek “slow” sukaldaritza ezagutarazi eta sustatu nahi du, “fast food” edo janari lasterraren ordez; izan ere “slow” sukaldaritza da tokiko sukaldaritzaren aberastasun eta ñabardurak aurkitzeko abangoardiako erantzuna. Sukaldaritza joera honek "gastronomia berria" bultzatzen du, kultura eta nortasun adierazletzat hartzen du sukaldaritza, eta elikagaiei lotutako plazera aldarrikatzen du.

Jardunaldi hauetan edozein muskiztarrek hartu ahalko du parte, bai eta udalerriko kuadrilla eta elkarteek ere, betiere baldintza hauek betetzen badituzte: janari tradizionalekoa den plater bat prestatzea, erosketak udalerriko saltokietan egitea, platerak ekonomikoak eta errazak izatea; eta gutxienez 4 laguntzentzat eta gehienez 10 kiderentzat egitea janaria. Platerak leku publiko batean egingo dira, eta horrela, udalerriko edozein bizilagun bertaratu ahal izango da. Horretarako, Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak karpa bat, sua eta janariak prestatzeko beharrezko tresnak ipini eta produktuaren kostua bere gain hartuko du.

Parte hartu nahi duten muskiztarrek izen eman beharko dute ingurumena@muskiz.com helbidera idatzita edo Ingurumen Saileko bulegoetara bertaratuta (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara). Horretaz gain, ekimen honetan parte hartu nahi duten eta adinarengatik edo bestelako arrazoiengatik leku publiko batera hurbildu ezin direnen horiei begira, platera grabatu eta ondoren jende aurrean aurkezteko aukera ere eskaintzen du Ingurumen Sailak.

Sukaldaritza errezetak

Jardunaldietan parte hartu nahi duten auzotarrek errezetak aurkeztu eta jende aurrean zabaltzeko eta grabatzeko baimena eman beharko dute; izan ere, egindako plater guztiak bilduko dituen errezeta bilduma bat argitaratzeko asmoa dago.

Eskuorria (PDF 125KB)