Albisteak

 

Beste behin ere, udalerriko haurrentzako Hiri Udalekuak antolatuko ditu Muskizko Udalak, eta, iaz bezala, aurten ere haurtzaindegi eta jantoki zerbitzua eskainiko dira. Udalerrian erroldatuta dauden 5 eta 12 urte arteko haurrentzako ekimen hau Muskizko Ikastolako instalazioetan egingo da. 2017. urteko Hiri Udalekuak ekainaren 28an (asteazkena) hasi eta uztailaren 14an (ostirala) bukatuko dira (larunbat eta igandeetan izan ezik), 10:00etatik 14:00etara.

Muskizko Udaleko Hiri Udalekuetan parte hartuko duten haurren gurasoen eskakizun eta beharrei erantzute aldera, iazko ikasturtean bezala, aurten ere triptikoak buzoneatuko ditu Muskizko Udal Korporazioak. Horrela, triptiko horietan, interesaturik egonez gero, euren lehentasunak adierazi ahalko dituzte Muskizko auzotarrek, haurtzaindegi zerbitzuari eta jantokiari dagokienez. Haurtzaindegiak 20 euroko prezioa izango du 08:00etatik aurrera; eta 10 euro, 09:00etatik aurrera. Jantokian bazkaltzeko, berriz, 55 euro ordaindu beharko dira, 14:00etatik 15:00etara eskainiko diren janarietarako.

Muskizko Hiri Udalekuetan izena emateko honako bi webgune hauek erabil daitezke: www.muskizudalekuak.blogspot.com eta www.muskizcolonias.blogspot.com. Nolanahi ere, webguneez gain, ohiko bideak erabiliz ere eman dezakete izena Muskizko auzotarrek, alegia, Gaztegunera bertaratu eta izena emateko orria betez eta dagokion dokumentazioa aurkeztuz. Ekainaren 9an amaituko da Muskizko Hiri Udalekuetan izena emateko epea.

Muskizko Udalak 16.000 euro inguruko inbertsioa bideratu du jarduera hau antolatzeko; eta, besteak beste, kirol jarduerak, tailerrak, jolas kooperatiboak eta kultura eta osasun jolasak egingo dira. Udalerrian erroldatuta dauden haurrentzako jarduera da, zehazki, 2005 eta 2012 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne). Adin tartea zabaltzeko auzotarren eskakizunak kontuan hartuta, aurten urte batez jaitsi da parte hartzeko adina.

Muskizko Hiri Udalekuetan izena emateko, inskripzio orria behar bezala beteta aurkeztu beharko da, Osakidetzako txartelaren kopia eta horretarako egokitutako kontu zenbakian matrikularen zenbatekoari dagokion dirua sartu izanaren agindu-txartelaren kopia. Ekainaren 27an, arratsaldeko 18:30ean, bilera bat izango da Gaztegunean, interesa duten guzti horiei Hiri Udalekuak aurkezteko.

Prezio egokituak

Hiri Udaleku hauetan parte hartu nahi duen lagun bakoitzak 70 euro ordaindu beharko ditu, dena dela, seme-alaba bat baino gehiago matrikulatzen dutenentzako beherapenak daude. Bi seme-alabak matrikulatzen dituztenek 50 euro ordaindu beharko dute seme-alaba bakoitzeko; eta hiru seme-alabatik aurrera, 40 euro, seme-alaba bakoitzeko.

DBE jasotzen dutenentzat 35 €-koa izango da matrikula ume bakoitzeko; 25 €, bi seme-alaba izanez gero; eta 20 €, hiru seme-alaba izanez gero. Matrikularen prezioan jarduera guztietako gastu guztiak daude sartuta (egingo diren txangoak, joan-etorrietarako autobusa, ekitaldietarako sarrerak, materialak…).

Aisialdi osasungarri eta eraikitzailea sustatzeko asmoz antolatzen ditu Muskizko Udalak gazteentzako Hiri Udaleku hauek, izan ere, udalekuetan esperientzia hezigarri eta dibertigarri batez gozatu ahalko dute udalerriko gazteek. Asmo horri begira, hezitzaileen profesional talde bat ipini da lanean, betiere euskarazko zerbitzua, prestakuntza zabala eta aisialdian eta gizarte eta kultura programak garatzen daukaten eskarmentua herritarrei eskaintzeko.

Informazio liburuxka (PDF 2,32MB)