Albisteak

 

Igande honetan, maiatzak 21, Eskubaloi egunaren 26. edizioa hartuko du Muskizko San Juan Ikastetxeak. Muskiz Eskubaloi taldeak urtero-urtero antolatzen duen lehiaketan Bizkaiko eta Kantabriako 20 talde baino gehiagok hartuko dute parte; eta, guztira, 5 kategoriatako kirolariak bilduko dira, aurre-benjaminetatik hasi eta haur kategoriara arte (6 urtetik 13 urtera).

Kategoria desberdinetan parte hartuko duten klubek, orotara, 350 ume ekarriko dituzte. Partiduak goizeko 9:30etik arratsaldeko 14:00etara izango dira, gutxi gorabehera, eta haurrak bost zelai desberdinetan arituko dira norgehiagoka. Hortaz, inguruko hainbat eta hainbat kirol talde bertaratuko dira Muskizera, besteak beste, Castroko Eskubaloi Eskola, Etxagorri, Eskubaloia Txiki Barakaldo, Zuazo-El Pilar, Barakaldo, Trapagaran, Muskiz Eskubaloia, San Juan Ikastetxea eta Muskizko Ikastola. Lehiaketaren ostean, parte hartzen duten guztiek opari bana eskuratuko dute.

Eskubaloia gehienen kirola ez bada ere, gero eta jarraitzaile gehiago ditu eta kirol hau sustatzea da Muskiz Eskubaloia taldearen urteroko hitzordu honen helburua. Horretaz gain, kirol festa ere bada eskubaloia praktikatzen duten udalerriko talde guztientzat. Eskubaloi taldeko goragoko jokalarien eta boluntarioen laguntza barik ezingo litzateke lehiaketa hau aurrera atera.