Albisteak

 

Muskizko Udalak, udalerriko ingurumena hobetzeko lanean, etxeko 208 konpostatze-ontzi eskuratu ditu, eta edukiontzi hauek dohainik banatuko dira Muskizko auzotarren artean, hain justu ere, datorren ekainean. Konpostatzeko edukiontzi hauen prezioa 12.909,31 eurokoa izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko % 100eko diru-laguntza jaso du. Udalerrian lana bultzatzeko politikari jarraiki, udalerriko Talleres Gallarreta enpresari esleitu dio zerbitzu hau Muskizko Udalak.

Ekainaren 7an, Udalak antolatutako Nekazaritza Jardunaldien baitan, konpostatzeari buruzko prestakuntza hitzaldia eskainiko da Muskizko Kultur Etxean, 18:30etik 20:30era, gisa honetako edukiontzi bat eskuratu nahi duten muskiztar guztientzat, jardunaldira etorri direnek lehentasuna izango dutelarik. Horretaz gain, interesa daukaten horiek erabilera konpromisoa sinatu beharko dute eta konpostatzeko erabili daitezkeen elikagaiak biltzen dituen gida bat eskuratuko dute.

Etxeko konpostatze-ontzi desmuntagarria

Banatuko diren etxeko konpostatze-ontziak desmuntatu ahal dira eta Thermolanezkoak dira. Thermolanak konpostatzea eta ongarri organikoa azkartzen ditu. Edukiontzi hauek 400 litroko edukiera daukate eta lorategietarako konpost bikain bihurtzen dituzte gure hondakin organikoak.