Albisteak

 

Muskizko Udaleko heziketa afektibo-sexualeko planean udalerriko hezkuntza zentroetako 536 ikaslek hartu dute parte, eta zerbitzu hau erabili dutenek ondo baloratu dute. Horrela, udalerriko ikasleek oinarrizko sexu heziketa, dibertsitate sexuala eta genero rolen berdintasuna landu ahal izan dituzte, eta familiekin ere lan egin da, hain justu ere, 30 pertsona ingururekin, betiere familia dibertsitatea eta emozioen eta sexualitatearen kudeaketa jorratu dituzten saioen bitartez.

Sexualitatea balio positibo gisa gizarteratzea izan da hezkuntza zentroetako lanaren muina, dibertsitateari begira, kontzeptua zabalduz eta finkatuz, LGTB errealitateak ikusarazi eta positibizatuz, autoestimua bultzatuz, komunikazioa, errespetua, berdintasuna eta genero berdintasuna sustatuz eta jarrera sexistak murriztuz. Horretarako, hainbat metodologiarekin lan egin da, besteak beste, irakaskuntza sokratikoarekin, zeinak elkarrizketaren bidezko ikasketa bultzatzen duen, jarrera hurbil, ludiko eta dinamiko baten bidez parte hartzea bultzatzeaz gainera.

Zentroetako heziketa prozesua zazpi fasetan egin da. Lehenengo urratsa zentroetako irakasleekin biltzea izan da, talde bakoitzaren ezaugarriak jaso eta hasierako heziketa programa taldeetara egokitu ahal izateko. Horren ostean, prestakuntza bilera bat izan da familiekin, programa azaldu eta familien kezken berri izateko. Hirugarrenik, zentroetako ikasleak hezi eta ebaluazio bilera egin da irakasleekin, heziketaren garapena azaltzeko. Ondoren, ekintza bera egin da parte hartu duten familiekin. Heziketa prozesuari amaiera emateko, prestakuntza zehatzeko planteamendua aurkeztu da eta bilera bat izan da prozesuaren parte diren Berdintasun Sailarekin eta Giza Eskubideetako Sailarekin batera.

Balorazio ona

Lehen Hezkuntzako San Juan Bautista, Muskizko Ikastola eta Cantarrana Eskola zentroek 9,6 batez baloratu dute Muskizko Udaleko zerbitzua, eskainitako tailerrengatik, hurbiltasunagatik eta konfiantzagatik. Ildo beretik, Muskiz BHI eta Somorrostro Irakasguneak 9,5 ipini diote zerbitzu honi, batik bat, sare sozialen eta posta elektroniko baten bidez sarean eskainitako zerbitzuaren onurengatik.