Albisteak

 

Muskizko Udalak, 2016. urtean zehar, aurreko ikasturtean baino 6 familia gehiagori eskaini die haur, gazte eta gizarte bazterkeriako arriskuan daudenentzako gizarte-hezkuntzako esku-hartze zerbitzua (EISE); eta, guztira, 42 familiengana iritsi da Udaleko zerbitzu hau. Artatutako familien jatorriari dagokionez, gehienak Bizkaitik datoz (% 67), zehazki, bertako eskualdetik. Dena dela, Latinoamerikatik eta Afrikatik datozen familia asko ere badaude.

Azken 4 urteotan artatutako familien egoera ekonomikoa ez da asko aldatu; izan ere, Lanbideko edo Gizarte Zerbitzuetako laguntzak jasotzen dituzte. Gizarteratu ahal izateko, faktore erabakigarria izaten da lana eta baliabide ekonomikoak izatea, eta familia hauek administrazioko laguntzen menpe bizi dira, euren eguneroko beharrak ase ahal izateko. Hori horrela izanik, euren eguneroko oinarrizko premiak ase ditzaten, familia hauei baliabideak bilatzen eta baliabideak kudeatzen laguntzea da EISEk aurrera eramaten duen lanaren zati handi bat; eta horretarako, plan pertsonalizatua egiten da betiere gizarte zerbitzuekin batera.

2016. urtean zehar, Gizarte-hezkuntzako Esku-hartze Taldeak 42 familia artatu ditu, eta 64 adingaberi lagundu zaio, aurreko urtean baino 21 adingabe gehiago. Adingabeei dagokienez, 11 eta 18 urteen artean daude gehien-gehienak eta mutil gehiagok (36) jaso dute zerbitzua neskek (28) baino. Adingabeen babesgabetasun mailari helduta, babesgabetasun moderatua izatea da gizarte-hezkuntzako esku-hartzea jasotzeko faktorerik erabakigarriena. Nolanahi ere den, arrisku larriko eta arrisku oso larriko egoerak ere jaso dira, eta kasu horiek Bizkaiko Foru Aldundiko haurrentzako zerbitzu berezietara bideratu dira.

Jarduera komunitarioak

Gurasoentzako Hezkuntza eta Prebentzio ekintzak

Helduentzako talde eta komunitate jardueren barruan, 270 pertsona baino gehiagok hartu dute parte 2016. urtean zehar antolatutako jardueretan, besteak beste, tailerretan, hitzaldi hezigarrietan eta familientzako irteeretan. Muskizko EISE taldearen alderdi sendoetako bat eta berezko ezaugarrietako bat da hori. Talde eta komunitate jarduerak handitu egin dira, bai jarduera kopuruari dagokionez, bai parte hartzaileei dagokienez, eta batez beste, 39 lagunek hartu dute parte jarduera bakoitzean.

Nerabeentzako Heziketa eta Prebentzio jarduerak

Gazteenentzako jarduerei dagokienez, adingabeentzako taldekako programa finkoen barruan, Gaztetxoko ekimena atera da aurrera. Ekimen horretan 13 eta 15 urte arteko 15 adingabek hartu dute parte, eta emozioak, bizitzako ohitura osasungarriak (kirola, elikadura…), osasunerako heziketa, genero berdintasuna eta harremanetarako gaitasun sozialak jorratu dituzte, astean behingo 24 saioren bitartez. Nerabe adingabeentzako taldekako jarduera jakinei helduta, 2016. urtean zehar 50 gaztek baino gehiagok hartu dute parte, zeintzuek irteeretan, jaietako elkartasun tailerretan, udako kanpamentuetan eta “Beldur Barik” tailerrean ere parte hartu duten.