Albisteak

 

Apirilaren 23an (igandea) izango da Muskizko El Cerro de La Llosa Kirol eta Kultur Elkarteak antolatutako 2017ko Mello Saria lasterketa eta ibilaldiko seigarren edizioa. Ibilaldi eta lasterketa absolutuetako modalitateez gain, Ibilaldi Txikiaren bosgarren edizioa izango da, bai eta 7 kilometroko luzera izango duen Mello Saria Txakur Trail lasterketa ere. Edozein modalitatetan izena emateko azken eguna apirilaren 14a da, Ibilaldi Txikiaren kasuan izan ezik.

Parte hartzaile bakoitzak aukeratzen duen modalitatearen arabera 2017ko Mello Sariko distantzia aldatzen da, eta parte hartu nahi duten kirolari guztiek har dezakete parte, federatutakoek eta federatu gabeek, baldin eta 18 urtetik gorakoak badira. Edizio honetan hainbat aldaketa egin dituzte parte hartzaileek. Mello Sariak duen mendi izaerari eutsiz eta gogortasun handiagoko zatiak gehituz, ibilbidea eta lasterketa 24,5 kilometrokoak izango dira, aurrekoan baino luzeagoak, eta 2.800 metroko desnibela gainditu beharko da, gailur berria ezagutzeaz gain: Peña Amarilla. Bestalde, beste bi distantzia mota gehiago ere eskaintzen dira: 12 kilometrokoa, lasterketaren kasuan, kirola bultzatzeari eta gazteenei begira, baina edozeinentzako irekia; eta 15 kilometrokoa. Bi horien kasuan, 1.600 metroko desnibela dago. Aurreko urteetan bezala, ibilaldiak goizeko 08:00etan aterako dira, udalerriko pilotalekutik; eta lasterketak, 10:00etan eta 10:15ean, hurrenez hurren.

Duela urte batzuetatik ohikoa den moduan, 09:45ean, haurrentzako Ibilaldi Txikia aterako da San Juan plazatik. 8,5 kilometro eta 400 metroko desnibela izango du. 4 urtetik gorako haurrentzako ibilbide aproposa da, ordu eta erditik hiru ordura arteko iraupena duena. Edizio berri honetan, elkartasunean, haur minbiziaren aurka borrokatu eta hezur muin emaileei lagundu nahi izan dute antolatzaileek, eta jasotzen den dirua Biocruces institutura bideratuko da. Hori horrela, 2 euro kobratu zaio parte hartzen duen haur bakoitzari; eta helduek lagunduta joanez gero, heldu horiek borondatea utzi ahalko dute. Ibilbidearen ostean, kirolari batzuek emandako materialaren zozketan parte hartuko dute Ibilaldi Txikia egiten duten ume guztiek.

Mello Saria Txakur Trail lasterketa

Mello Sariaren seigarren edizioak txakurkros modalitateko proba bat ere hartuko du lehenengo aldiz. Apirilaren 22an (larunbata) izango da, 18:00etatik aurrera. Irteera eta helmuga San Juan plazan izango dira. Tiratze sistema baten bidez gerrira lotutako zakur batek lagunduta korrika egitean datza lasterketa hau, eta Euskadiko Txakurkros Ligaren barruan dago. Guztira, 7 kilometroko distantzia izango du eta 800 metroko desnibela, gutxi gorabehera.