Albisteak

 

Muskizko Udalak eta hondakinak jasotzeko ardura duen enpresak adostu duten kontratu berriari esker, hainbat hobekuntza egingo zaizkio udalerriko bizilagunei eskaintzen zaien zerbitzuari, Udalari inolako kosturik eragin gabe. Besteak beste, honako hobekuntza hauetaz gozatu ahalko dute herritarrek: mugikortasun arazoak dauzkatenentzako 21 edukiontzi gehiago, birziklatzeko 10 Minipuntu, arrandegietako hondakinen bilketa eta zenbait gunetan hondakinak egun gehiagotan biltzea.

Instalatuko diren 21 edukiontzi berri horiek ahalmen urritasuna duten pertsonentzako egokituta egotea izan da enpresa esleipendunak eta Muskizko Udalak hitzartu duten azken hobekuntza. Bereziki, mugitzeko arazoak dauzkaten bizilagun horiei begira jarritako sistema da, zeinean hondakinak edukiontzian sartzeko ahoa ohikoa baino beherago dagoen, zehazki, lurretik 90 zentimetrora. Muskizko udalerrian gaur egun dauden edukiontzi guztien ordez edukiontzi irisgarri horiek instalatzea da Muskizko Udalak epe ertain-luzera ezarritako helburua.

Udalerri osoan zehar 10 Minipuntu finko kokatzea da beste zerbitzu berrietako bat. Birziklatzeko gune horietan, orotara, zazpi hondakin mota utzi ahalko dituzte muskiztarrek: diskoak, fluoreszenteak, bonbillak, tinta eta toner kartutxoak, bateriak, kortxo tapoiak eta gailu elektronikoetako hondakin txikiak (sakelakoak, kargagailuak eta gailuak). Edukiontziak hornitu behar dituen enpresari edukiontzien aurrealdean Muskizko argazki zaharrak agertzea proposatu dio Muskizko Udalak.

Saltokietan arrain hondakinak biltzea

Usain txarrek sortzen dituzten arazoak saihesteko, tenperatura altuekin okerragotu egiten zirenak, Muskizko Udalak “atez ate” deitutako gaikako hondakin bilketa zerbitzu berria ipini du abian, udalerriko arrandegietan sortzen diren hondakinak jasotzeko.