Albisteak

 

Muskizko Eguneko Zentroa, Muskizko Atseden Zentroa eta Muskizko Egoitza Muskizko Udalak eskaintzen dituen hiru zerbitzu dira eta hiru zerbitzu hauek Muskizko biztanle ugariri laguntzen diote. Zerbitzu hauek oso ondo baloratu dituzte zerbitzu hauen erabiltzaileen eta erabiltzaileen familietako kideek. Erabiltzaileen autonomia sustatzea da zerbitzu hauen helburu nagusia, betiere erabiltzaileen gaitasun kognitibo eta funtzionalak birgaituz eta bultzatuz. 2016. urtean Muskizen eskaini diren hiru zerbitzu hauen kostua 802.485,42 €-koa izan da.

Muskizko Eguneko Zentroak, 2016. urtean zehar, guztira, 39 pertsona artatu zituen, eta % 97 da Eguneko Zentroaren urteko okupazioaren batez bestekoa. Zerbitzu hau erabiltzen duten pertsona gehienak emakumeak dira, zehazki, % 82; eta portzentaje hori % 4 handitu da azkeneko bost urteetan. Erabiltzaileen batez besteko adina ere igo egin da; gaur egun 87 urtekoa da. Horrek, noski, zerikusi zuzena dauka biztanleriaren zahartzearekin. Aurreko ikasturtean, orotara, 9 alta eta 9 baja izan ziren. Eguneko Zentroa uzteko arrazoi nagusia (% 56) Egoitzan sartzea izan da; eta azken urteetan handitu egin da Egoitzan sartzeagatik Eguneko Zentroa utzi duten horien portzentajea (% 31). Eguneko Zentroak 25 urte ditu eta Bizkaiko lurralde historikoan Snoezelen Estimulazio Multisentsoriala delakoa egiteko gela bat duen apurretako bat da. Horretaz gain, lehenengoetako bat da Siel Blue deitutako metodoan lan egiten (hara eta hona ibiltzeko oreka eta egonkortasuna eta erorketen prebentzioa lantzen dituen tailerra). Jarduera egitarauen barruan, honakoak eskaintzen dira: fisioterapia, psikologia, animazio soziokulturala, arreta pertsonal eta soziala eta garraioa.

Atseden Zentroari helduta, 2010. urtean ireki zituen ateak. 2016. urtean, orotara, 31 pertsona artatu zituen, eta batez besteko okupazioa % 93koa izan zen. Zerbitzu honek geriatria laguntzaile bi eta animazio soziokulturaleko teknikari bat dauzka. Azken horrek zentroko kudeaketa eta zuzendaritza lanak ere egiten ditu.

Pertsona nagusientzako Egoitzan, berriz, animazio soziokulturaleko teknikari bat dago eta teknikari hori Udaleko Egoitzan bertan egiten diren aisialdiko, denbora libreko eta garapen komunitarioko jarduera guztiak antolatu, ikuskatu, dinamizatu eta programatzeaz arduratzen da. Profesional horrek Egoitzako erabiltzaileen eta jardueren asteroko kontrola bideratzen du, eta astero elkartzen da irakasleekin. Honako ikastaroak eskaintzen dira: oihaletan margotzea, gakorratza, yoga, ehoziri-lanak, puntua eta joskintza. Horretaz gain, hainbat txango ere egiten dira.

Garraio zerbitzua

DYA Gizarte Laguntza da garraio zerbitzuko arduraduna, eta bederatzi lagun garraiatu ahal izateko furgoi egokitua dauka. Nolanahi ere, kontuan hartuz gero, gidaria eta laguntzailea beti egon behar direla, furgoi horretan 7 erabiltzaile garraiatzeko lekua dago. Ildo beretik, DYAko furgoia behar bezala prestatuta dago aldi berean erabiltzaile autonomoak eta gurpildun aulkian doazen erabiltzaileak garraiatu ahal izateko. Horretaz gain, furgoi horrek alboko maila bat ere badauka, bai eta 350 kg mugitzeko gaitasuna duen plataforma altxagarri bat ere.

Bizi diren eraikinetako hesi arkitektonikoak direla eta, euren kabuz kaleraino jaitsi ezin diren Muskizko bizilagun horiei begira, eskala mugikorreko sistema bat ere badauka garraio egokituko zerbitzu honek, erabiltzaileak leku batetik bestera era seguruan joan ahal izateko.