Albisteak

 

Muskizko Udaleko Ingurumen Saila energiari buruzko aholkularitza plana bideratzen ari da udalerriko ETE eta saltokiei begira. Ingurumen Sailak, gaurdaino, 41 enpresa bisitatu ditu guztira; bisitatu diren enpresa horietatik 31k (% 75) ikerketa egin dute. Gainerako enpresak prozesuan daude, beraz, hilabete batzuk pasa eta gero, azken emaitza ezagutu ahalko da, eta prozesuan dauden horiekin batera % 90eraino igoko litzateke energiari buruzko aholkularitza jaso nahi dutenen interesa.

Ingurumen Sailak kudeatzen duen prozesua hiru fasetan banatzen da: lehenenik, saltoki edo ETEaren argindar hornidura aztertzen da, energia tradizionalari eta energia berdeari dagokionez; bigarrenik, energia eraginkortasunari dagokionez egin daitezkeen hobekuntzak analizatzen dira, LEDen bidez, energia erreaktiboa kentzeko kondentsatzaileen bitartez eta abar; eta bukatzeko, potentzia doitzeko neurketa eta ikerketa bat egiten da.

Gaur egun, guztira, 18 enpresatan arlo guztiak dauzkate kudeatuta, potentzia doiketak eta LED, kondentsatzaileak eta gisa horretako Energia Aurrezteko Neurriak (EAN) albo batera utzita, % 18,03 aurreztuz, eta 12.383 €-ko muntatze lanekin. Beste 13 kudeatu gabe baina ikerketa eginda daude, eta horietan 25.528 €-koa da aurreikusitako aurrezkia, batez beste, % 18,45. Kasu askotan kopuru hori handitu egingo da, potentzia doiketak eta EANak aplikatu eta gero.

Auzotarrak laguntzea

Ekainean zehar, Muskizko Udalak karpa batzuk instalatuko ditu udalerriko auzoetan, bizilagunak aholkatzeko eta, horrela, auzotarrei euren etxebizitzetan energia aurrezteko kudeaketa errazteko.

Etxebizitzetako energia iraunkorraren kudeaketa samurragoa izan dadin, horretaz gain, Ingurumen Sailaren bidez, etxebizitza iraunkorretako gidak buzoneatu ditu Muskizko Udalak. Gida horietan etxebizitzetako energia eraginkortasuna hobetzeko gomendioak biltzen dira. Gida horri jarraiki, etxebizitza ertain batean, % 25eraino murriztu ahalko dute energia kontsumoa bizilagunek, bai eta naturak eskaintzen dizkigun baliabideak zentzuz eta arduraz erabiltzeko beharraz jabetu ere.