Albisteak

 

Kultura elkarteen, kirol kluben eta Muskizko udalerriko auzo desberdinetan jaiak antolatzeaz arduratzen diren jai batzordeen diru-laguntzak eskatzeko deialdia onartu du Muskizko Udalak. 2017. urteari dagokionez, 145.000 euroko partida dauka Muskizko Udalak, hau da, 2016. urtean baino 1.000 euro gehiago. Hori horrela izanik, Muskizko kirol elkarteei, kultura elkarteei, auzo elkarteei eta eskola umeak dauzkaten udalerriko gurasoei lagundu ahalko zaie, betiere 2017. urtean zehar proiektu eta jarduerak aurrera atera eta garatzeko. 

Muskizko kirol elkarteek 75.000 euroko aurrekontua izango dute, kirolarekin lotutako programa eta jarduerak aurrera ateratzeko. Zatirik handiena, zehazki 45.000 euro, urteko kirol egitarauak laguntzeko erabiliko dira; beste 6.000 euro estatu mailako lehiaketetarako baliatu ahalko dira; eta gainontzeko 24.000 euroak, kirol jarduera eta proiektu jakinetara bideratuko dira. Honako kontzeptu hauek lagundu ahalko dira diruz: mutuak, epaileen lanek eragindako gastuak, garaikurrak, joan-etorri eta ostatu gastuak, ekipajeak, materialak, aseguruak, publizitatea, bulegoetako gastuak, botikinak, lokalen mantentze-gastuak eta ekipamendua.

Kultura- eta gazte- egitarau eta jardueretarako, 30.000 euroko aurrekontua izango da; aurrekontu horretatik 21.000 euro urteko egitarauetara bideratuko dira; eta gainerako 9.000 euroak diruz lagundutako entitateen proiektu eta jarduera jakinetara bideratuko dira. Honako hauek eragindako gastuak lagundu ahalko dira diruz: materiala, hornidurak, kontratatutako zerbitzuak, aseguruak, publizitatea, bulegoa, botikina, lokalen mantentze gastuak eta ekipamendua.

Bestalde, Muskizko auzoetako jaiak antolatzeari dagokionez, 20.000 eurokoa da kantitatea, betiere, kontzertu, ikuskizun, soinuztatze, material, hornidura, zerbitzu, publizitate eta txosnei begira.

Deialdi honi esker, Muskizko hezkuntza zentroetako Guraso Elkarteek 20.000 euroko kantitatea izango dute eskura. Kopuru horretatik 18.000 euro urteko egitarauetarako izango da; eta gaionerako 2.000 euroak  izaera puntualeko aparteko proiektuetarako, material, hornidura eta kontratatutako zerbitzuak laguntzeko.

Muskizko hezkuntza zentroetako ikasleen GEek laguntza hauek eskuratu ahalko dituzte eta horrelakorik ez badago edo horrelakorik aurkezten ez bada, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zentroek eurek, betiere euren ikasleentzako jarduera edo egitarauak egiteko asmoa badute. Zentzu honetan, komeni da azpimarratzea urtekako laguntzak direla, hau da, urtarriletik abendura artekoak.

Eskabideak aurkeztea

Laguntza hauek jaso nahi dituzten entitateek eskabideak aurkez ditzakete, Muskizko Udaleko webgunean aurkituko duten deialdiko oinarrietan adierazitakoari jarraiki, bertan zehaztutako datu eta dokumentazioarekin batera. Aurkezteko epea 15 egunekoa da, BAOean argitaratzen denetik hasita, bi kasu hauetan izan ezik: irailaren 18tik 29ra arteko epea duten hezkuntza zentroetako Guraso Elkarteentzako diru-laguntzak eta azaroaren 30erainoko epea duten kirol jarduera puntualetarako diru-laguntzak.