Albisteak

 

Muskizko Udaleko Lege Aholkularitzako Zerbitzuaren batez besteko balorazio osoa, bai zerbitzua erabili duten auzotarrentzat, bai zerbitzua bideratzen lan egin duten profesionalentzat, 8,50 puntukoa da 10 puntutik. Gizarte Ekintza Sailak bultzatutako ekimen honen bitartez, orotara, 99 kontsulta jaso dira 2016. urtean zehar, eta zerbitzu honen bitartez artatutako kontsulta gehienak gai zibilekin eta familia arloarekin zerikusia eduki dute.

Muskizko Udaleko Lege Aholkularitzako Zerbitzuko erabiltzaileen asebetetze-maila ezagutzeko egindako inkestaren arabera, aholkularitza zerbitzua eman duten langileak eta zerbitzua erabili duten herritarrak oso asebeteta daude. Hobetzeko gomendio orokorren artean honakoak nabarmentzen dira: ordutegia handitzea eta hitzorduak emateko atzerapena.

Ondorio horiexek azaldu ditu zerbitzua eskaini duen enpresaren eskariz egindako inkestak. Egindako inkesta horretan, guztira, 19 erabiltzailek hartu dute parte eta zerbitzua erabili duten 19 erabiltzaile horietatik 13 emakumeak dira. 2016. urtean zehar, Lege Aholkularitzako Zerbitzuak, orotara, 99 kontsulta artatu ditu, eta horietatik ia-ia % 70 gai zibilekin eta familia kontuekin lotuta egon dira.

Astean egun batean bakarrik artatzea, lan orduetan izanik, gutxi dela eta bulegorako sarbideak bikientzako aulkiak dauzkatenentzako estuegiak izatea izan dira zerbitzu hau jasotzera etorritako auzotarren kexen funtsa. Bestalde, Lege Aholkularitzako Zerbitzua eskaini duten langileei helduta, hitzorduak bideratzeko sisteman eta lehenengo kontsultetarako denbora laburtuz itxaron zerrendak murriztean oinarritu dira helarazitako hobekuntza proposamenak.

Erabiltzaileen ezaugarriak

2016. urtean zehar, Muskizko herritarrek, guztira, 112 hitzordu eskatu dituzte, Lege Aholkularitzako Zerbitzuko profesionalek azter ditzaten, baina, azkenean, hasierako 112 kontsulta horietatik 99 kontsulta bakarrik artatu dira, 13 lagun hitzordura azaldu ez direlako. Lege Aholkularitzako Zerbitzuak burututako ekintza gehienak martxoan, irailean eta urrian izan dira.

Zerbitzura hurbildu diren pertsona guztien artean, 68 lagun –alegia, Muskizko Udaleko zerbitzu honek aztertutako zerbitzuen % 70– gai zibilengatik eta familiako gaiengatik hurbildu dira Lege Aholkularitzako Zerbitzura.

Muskizko Udaleko zerbitzu honekin lotutako erabiltzaile eta profesionalen asebetetze maila ezagutzeko egindako inkestak argitu duenez, 41 eta 50 urte artean daude abokatuek artatutako Muskizko bizilagunen % 44; eta 51 eta 64 urte artean, zerbitzu hau erabili dutenen % 27.

Zerbitzuaren kalitatea

Zerbitzua erabili duten herritarren eta zerbitzua eskaini duten langileen arabera, Lege Aholkularitzako Zerbitzuaren batez besteko balorazio osoa 8,50 puntukoa da 10etik. Nolanahi ere den, erantzuteko gaitasunak eskuratu du puntuaziorik onena. Zehatz-mehatz, 9,42 puntu eskuratu ditu arlo horrek muskiztarren artean, eta eremu horrekin lotutako kexa bakar bat ere ez dute adierazi herritarrek.

Batez bestekotik gora, hain justu ere, 9,16 puntu bilduta, herritarrei Lege Aholkularitzako Zerbitzu hau eskaintzeko ardura izan duten langileak daude (auzotarren kontsultak ebazteko, komunikatzeko eta informatzeko gaitasuna, adeitasuna, galderak argitzeko kezka…) eta eskaini zaien laguntzaren kalitatea eta erabilgarritasuna (guztira, 8,92 puntu 10etik).

8,50 puntutik behera, Muskizko Udaleko Lege Aholkularitzako Zerbitzua eskaintzeko instalazioak baloratzeko atala bakarrik dago, bai gizarte ekimen hau herritarrei eskaintzeko betekizuna izan duten langileen arabera, bai zerbitzu hau erabili duten auzotarren ustez.