Albisteak

 

Iraunkortasunaren Nazioarteko egunarekin bat eginez, martxoaren 5ean, Etxebizitza Jasangarrien Gida buzoneatuko du Muskizko Udalak. Gida horretan herritarrentzako aholku errazak bildu dira, kontsumitzen den energia jaisteko. Aholku horiei jarraiki, gehienez, % 25 jaitsi ahalko da etxebizitza arrunt batean kontsumitzen den energia.

Datorren martxoaren 1etik aurrera, eskuko gida praktiko bat ailegatuko da muskiztarren postontzietaraino. Gida horretan planetaren energia baliabideak zentzuz eta era iraunkorrean erabiltzeak duen garrantzia islatu nahi izan dute Ingurumen Saileko arduradunek, bai eta kontsumitzeko ohitura eraginkorrak barneratzeko dagoen beharra ere. Izan ere, horrek guztiak ondorioak dakartza ekonomian eta ingurumenean.

Etxebizitza sektoreak berebiziko garrantzia dauka gaur egungo energiaren testuinguruan; izan ere, etxebizitzek energia behar handiak dauzkate. Muskizen kasuan, zehazki, bukaerako energiari dagokionez, kontsumoaren % 21 osatzen dute. Hori horrela izanik, meatzaldeko Udal honetako Ingurumen Saileko langileek gida praktiko hau argitaratzea erabaki dute, horrela, kontsumitzen den energiaren % 25eraino aurreztu ahal izateko.

Etxebizitza Jasangarrien Gida honek muskiztarren etxeetako ekonomiari laguntzen dio; eta horretaz gain, ekarpen izugarria da bizilagunek energia eraginkortasunez kontsumitzeko eta energia zentzuz erabiltzeko ohiturak har ditzaten. Hori guztia Muskizko Udalak bultzatutako ingurumen politikaren barruan dago, Alkateen Itunak (gaztelaniaz, PAES) jasotzen duenez.

Alkateen Ituneko Ekintza Planean jasotako jarduerek meatzaldeko udalerriak 2009. urtean isuri zituen anhidrido karbonikoko 23.275 tonak % 20 murrizteko konpromisoa betetzen dute. Helburu hori lortze aldera, bizilagunen mugikortasunari lotutako eremuan ipini du arreta gehien Muskizko Udalak, hain justu ere, arlo horretan ia 2.500 tona isurketa jaistea da ezarritako helburua.

Muskizko Udal Korporazioak udalerriko etxebizitzetako energia aurrezpena saritzeko neurriak bultzatuko ditu. Zentzu horretan, kontsumoa orduko 2.500 megavatio jaistea da ezarritako helburua, alegia, bi milioi eta erdi kilovatio gutxiago kontsumitzea hurrengo lau urteetan.