Albisteak

 
Muskizko Gazteguneak inoiz baino erabiltzaile gehiago izan ditu 2016. urtean, zehazki, 15.000 pertsona hartzera ailegatu da joan den urtean. Gazteguneak urte batetik bestera gero eta erabiltzaile gehiago dauzka, eta, erabiltzaile kopuruari dagokionez, aurreko urtekoa izan da orain arteko urterik onena. Era berean, Muskizko Gazteguneko entsegu gela eta irudi eta entretenimendu ekipamendua berritzeari ekin diote Muskizko Udaleko ordezkariek.
Muskizko Udaleko zentro honetara etortzen den parte hartzaile kopuruak argi erakusten duenez, harrera bikaina izaten dute Muskizko Gazteguneak antolatzen dituen jarduerek; izan ere, udako hilabeteak albo batera utzita, hilero-hilero, 12 eta 15 urte arteko 1.720 neska eta mutiko hurbildu dira Gaztegunera. Muskizko Udaleko zerbitzu hau bideratzen duten langileen ahotan, zentroko material eta instalazioak etengabe berritzean datza arrakastaren giltzetako bat.

Muskizko Gaztegunea berritzea

Aurreko urtean, Muskizko Gazteguneko material eta instalazio batzuk berritzeari ekin zitzaion. Zentzu horretan, bi entsegu gelak berritu izana nabarmentzen da. Erabiltzeko prest utzi dira Gazteguneko bi entsegu gelak. Horretarako, bateriak, soinu ekipoak eta kable sarea konpondu dira. Entsegu gelek behar bezala funtzionatu eta bertako taldeek arazorik gabe entseatu ahal dezaten, mantentze kontratu bat sinatu da. Hori horrela izanik, hilero-hilero bi gela horiek berrikusi eta konpondu egingo dira (halakorik behar izanez gero). Muskizko Gaztegunerako erositako materialen artean, hiru Play Station 4 eta 32 hazbeteko hiru telebista eskuratu dira jolasen gunerako; horretaz gain, gazteentzako futbolin eta billar berriak ere lortu  dira.

Gustu guztietarako jarduerak

2016. urtean aurrera ateratako ekintzen artean, ekainean egindako “Gaztedance Muskiz” Dantza Modernoko Lehiaketa nabarmentzen da. Guztira, 6 taldek eta 70 lagunek hartu zuten parte eta ikus-entzule asko bertaratu ziren, zehazki, Meatzari Aretoko 200 sarrera baino gehiago saldu ziren txapelketa hori jarraitu ahal izateko.

Muskizko Gazteguneak mota bateko edo besteko beste 54 jarduera antolatu ditu gazteentzat, besteak beste, 12 urtetik gorako neska eta mutikoentzako ikastaroak (gehienezko adina 35 urtekoa da), hilabete 1etik 6 hilabetera arteko iraupenekoak. Guztira, 86 gaztek eman dute izena gitarra, yoga, makillajea, defentsa pertsonala, dantza eta gisa horretako beste hainbat ikastaroetan.

Horretaz gain, hilabeteko ikastaroak ere bideratu dira. Kurtso horiek bi ostiraletik behin egin dira, 12 eta 18 urte arteko gazteentzat, eta bi eta hiru ordu artean iraun dute. Guztira, 18 tailer atera dira, besteak beste, honakoei buruzkoak: inauterietako mozorroak,  cup-cake, Gabonetako postalak, larruzko kutxatilak, argazkietako markoak eta girgileriak.

Muskizko Gazteguneko jarduerak osatzeko beste hainbat jarduera gehiago antolatzen dira: patinatzera, Lasergunera edo Sopuerta Abenturara joateko txangoak; ping-pong, futbolin, Play Station edo billar lehiaketak; argazki edo “Osmundo Bilbao” literatura lehiaketak, Alez Ale elkartearekin batera; eta 12 eta 18 urte arteko 100 neska-mutiko baino gehiago elkartzen dituzten Gabonetako eta Udaberriko Gazte-Diskotekak.

Jarduera hezigarriak

Beste Udal Sail batzuekin elkarlanean, jarduera hezigarriak ere bideratu dira Gaztegunean 2016. urtean zehar, adibidez, Prebentzio Sailarekin eta Berdintasun Sailarekin egindako maitasun erromantikoari buruzko ikastaroak (maitasun erromantikoaren mitoak apurtuz) eta ciberbulling-ak eta sari sozialek dauzkaten arriskuen gainekoak.

Bestalde, nabarmentzekoa da larunbat eta igandetan, Gazteguneko lehenengo solairuan taldekako lanak egiteko gelak eta ikasteko gelak egokitu direla. Asteburuetan itxita dago Muskizko Udal Liburutegia; eta zentzu horretan, komeni da gogoratzea Gaztegunean zerbitzu hori ere badagoela udalerriko gazteentzat.

Beste jarduera batzuk

Aurreko urtean, beste sail batzuetako ekintzak ere hartu ditu Muskizko Gazteguneak. Horien artean, honakoak nabarmentzen dira: euskara sustatzeko Berbalagun egitasmoko jarduerak, astero egiten den Ikasgune proiektua, aita eta amen eskola eta EISEk antolatutako tailer eta hitzaldiak.