Albisteak

 

Udalerriko lehenengo aurrekontu parte hartzaileak onartu ditu Muskizko Udalak. Muskizko Udaleko 2017. urterako partida osoa 12.278.700 eurokoa da, eta aurrekontuetan udalerriko auzotarrek aurkeztutako proposamenen % 85 bildu dituzte Muskizko Udaleko ordezkariek. Muskizko bizilagunek egindako ekarpenei erantzun ahal izateko, hasieran ezarritako partida handitu egin da.

Lehenengo aurrekontu parte hartzaile hauetan herritarrek izan duten parte hartze eta harrera ikusita, udalerriko bizilagunek helarazitako ekarpenek eragingo dituzten inbertsioei erantzun ahal izateko, hasieran aurreikusitako kopurua handitzea erabaki dute Muskizko Udaleko ordezkariek. Hori horrela, Muskizko bizilagunek Udal Korporazioari aurkeztu dizkieten ekintza horiek aurrera atera ahal izateko, 100.000 € bideratu beharrean, azkenean, guztira, 175.000 € erabiliko dira, Muskizko Udaleko lehenengo aurrekontu parte hartzaile hauetan.

Guztira, honako gaiei buruzko 101 proposamen aurkeztu dituzte muskiztarrek: hainbat auzotako irisgarritasunarekin lotutako zenbait alderdi hobetzea, hiri altzariak, parkeak hobetzea eta parkeen zaintza, energia aurreztea eta kontsumo iraunkorra, teknologia berriekiko eskuragarritasuna, argiztatzea, aparkalekuak, urpean gelditu daitezkeen guneen kontrola, oinezkoen segurtasuna, landare eta animalien zaintza…

Muskizko Udaleko sail desberdinetako ordezkariek, guztira, herritarrek aurkeztutako 17 proposameni eman diete ezetza, kasurik gehienetan, esku hartze horietan tokiko gobernuak eskumenik ez duela ulertu delako. Horren haritik, herritarrek aurkeztutako 57 proposamen zuzenean gaineratu dira aste honetan bertan onartu diren aurrekontuetan, eta herritarren 27 proposamen bakarrik daude azterketa fasean, edo 2017. urterako Inbertsio Planetan gehitzeko edo udalen gaineko beste erakunde batzuekin landu beharrekoak direlako.

Lehenengo aurrekontu parte hartzaile hauek abiarazita, udalerriko auzotarren benetako beharrak ezagutu nahi izan ditu Muskizko Udalak, horrela, Muskizko auzoetako premiak ezagutzen dituzten bizilagunen beharretan oinarritutako irtenbideak eskaini ahal izateko, muskiztarren parte hartze aktiboa bultzatzeko eta muskiztarrak bizitza publikoko ikusle huts ez sentitzeko eta baliabide publikoak gardentasunez kudeatzen dituen Udal Korporazio eraginkor eta gardena sendotzeko.

Aurrekontu orokorrak

2017. urterako Muskizko Udalak onartu duen 12.278.700 euroko aurrekontu horren barruan, komeni da nabarmentzea aurrekontu horretako kantitaterik handiena, zehazki, 3.639.522,48 euro, Hirigintza Sailera bideratu dela, udalerrian egin behar diren hobekuntza guztiak aurrera eraman ahal izateko. Beste alde batetik, Kultura, Kirola, Euskara eta Hezkuntza Sailetako jarduerak burutu ahal izateko, 3.263.590,00 euro bideratu dira.

Jasotako aurrekontuari dagokionez, hirugarren lekuan dago Gizarte Ekintza Saila, hain justu ere, 2.604.084,24 euro gorde dira. Administrazioaren beraren kudeaketarako 2.009.803,28 euro bideratu dira; eta gainerako 701.700,00 euro horiek hiritarren segurtasunari dagozkio.

Inbertsio plana

2017. urterako inbertsio planaren barruan, eta udal aurrekontuekin lotuta, hainbat obra bukatzeko asmoa dago, beste batzuen artean, Muskizetik El Pobal burdinolaraino heltzen den ibaiko ibilbidea. Une honetan, Kobaron – Pobeña – Hondartza – Muskiz bukatuta eta erabilgarri dago, eta, guztira, 8 km dauzka. Maiatzaren bukaera aldera obra hori hasi ahal izatea aurreikusten da; eta horrela, 2018. urteko udarako erabiltzeko moduan izango da jolaserako eta aisialdirako gune hori.

Auzoekiko arretari dagokionez, Muskizko Udalak lanean jarraituko du udalerriko muga arkitektonikoak gainditzen eta Muskizko bizilagunen irisgarritasuna eta argiztatze publikoa hobetzen.

Era berean, Muskizko Udaleko Inbertsio Planean bertan, kirol instalazioak hobetzeko proiektu bat sortzea ere jaso da (aurreko legealdiko lan ildoari jarraipena emanez). Proiektu horretan honako hauek jasoko dira: 3 padel pista estali eraikitzea, gaur egun dauden tenis pistak estaltzea eta estali gabeko igerileku batzuekin osatuko den udarako gune bat sortzea.

Horretaz gain, udalerriko hiri planifikazioa onartu ahal izateko behin betiko pausoak emango dira, herri barruko bideei eta urez betetzen diren guneei konponbidea emanez, Memerea auzoa garatuz, eta zoruak definituz, Eusko Jaurlaritzari osasun instalazio hobeak eskatzeko. Osasun Zentroko pediatria gelari dagokionez, hurrengo hilabeteetan aire girotua ipiniko da, uda partean gune horretan sortzen diren tenperatura altuak jasan behar ez izateko.

Hezkuntzari helduta, institutu berria eraikitzeko lanean jarraituko da, bai eta premia bereziak dauzkaten eskola-umeei laguntzen, Muskizko Udaleko Gizarte-Hezkuntzako Esku-Hartze taldearen bitartez.

Bestalde, 2016. urtean abiarazi den Gazte Project ekimenaren bitartez, udalerriko gazteei lagundu ahal izateko (17 urtetik 25era) lan egiten jarraituko du Muskizko Udalak; horretaz gain, Gazteguneko eta Liburutegiko zerbitzuak, elkarteekiko elkarlana, euskara… indartzen jarraituko du Muskizko Udalak.