Albisteak

 

Linea Verde aplikazioaren funtzionamendua bere lehenengo urtean oso ondo baloratu du Muskizko Udalak, izan ere, oso harrera ona izan du herritarren artean eta altua da irtenbidea izan duten gertakari kopurua. Hamabi hilabete hauetan, mila akats baino gehiago aurkitu dira; eta, batez beste, % 85 baino gehiago konpondu dira. Hori horrela izanik, zerbitzu hau gehiago hedatzea erabaki du Udal Korporazioak.

Muskizko Udalak bultzatutako Linea Verde webgunean eta sakelakoetarako aplikazioan konfiantza izan dute muskiztarrek, udalerrian atzeman dituzten gabeziak konpontzeko tresna gisa, eta, guztira, 1.012 hutsuneren berri eman zaie Muskizko Udal Sailei. Akats hauek konpontzeko arduradunek eraginkortasunez eta azkar jardun dute, izan ere, une honetan Linea Verderen bidez erregistratu diren ezbehar guztien % 15ean bakarrik ari da lan egiten Muskizko Udala.

Linea Verde APP eta webgunearen bitartez, gertakari oso zehatzen berri jaso du Muskizko Udal Korporazioak –ekitaldi edo egoera jakinetan atzemandako gertakariak, esate baterako, udalerriko jaietan zabor gehiago pilatu izana–, tresna honi esker hiri altzarietan aurkitu diren akatsak ere konpondu dira, eta, horretaz gain, hobekuntza proposamenak helarazi dira, beste batzuen artean, irisgarritasunari buruz, udalerriko argiztatze publikoari dagokionez eta parke eta lorategietako hainbat alderdiren inguruan. Horrela, etengabe hobetu ahalko da Muskizko itxura.

Herritarren artean arrakasta handia izan duenez eta erregistratu diren gertakari gehienei konponbidea aurkitu ahal izan zaienez, Muskizko Udalak tresna hau mantentzea bakarrik ez, tresna hau zabaltzea ere erabaki du.

Estatistika

Linea Verde aplikazioak Muskizen izan duen funtzionamenduaren balantzea eginda, aplikazioa funtzionatzen aritu den lehenengo urtearen ostean, Muskizko bizilagunek jakinarazitako gertakari guztien arteko % 85 konpondu ditu Muskizko Udalak. Bide publikoarekin eta seinaleztatzearekin lotutako arazoak bakarrik daude portzentaje horren azpitik, batik bat, eremu horietan jarduteko beharrezkoa delako horretarako aurrekontu jakinak izatea eta obrak esleitzeko espedienteak onartzea.

Erregistratu diren gertakari kopuruari dagokionez, udalerriko argiztatze publikoari dagozkio Muskizko bizilagunek jakinarazitako gertakari gehienak, hain justu ere, gertakari guztien % 22, Linea Verde aplikazioaren lehenengo hamabi hilabete hauetan. Ildo beretik, eremu berean dago eraginkortasun handiena ezbeharrak zuzentzerakoan, zehatz-mehatz, jasotako akatsen % 92 konpondu dira; eta gainerako % 8 konpontzeko edo irtenbidea aurkitzeko bidean daude.

Gehien erregistratutako gertakarien artean, bide publikoekin eta seinaleztatzearekin lotutako gertakariak izan dira bigarrenak, zehazki, gertakarien % 14. Hirugarrena, berriz, parke eta lorategiei dagokiena izan da, jasotako gertakari guztien % 12 bilduta. Nolanahi ere den, konpondutako gertakarien batez bestekotik gora dago eremu hau, izan ere, gertakarien % 87 konpondu baitira eremu horretan.