Albisteak

 

2017. urtean zehar 50 urte beteko ditu Barbadun Pelotazale Elkarteak, eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldiz betetako agenda osoa antolatu du. Ekitaldien artean, datorren martxoan udalerriko zentroetan egingo den hitzaldi zikloa, herri bazkari bat, maiatzeko txapelketa eta uda partean Oiongo pilota taldearekin batera egingo diren ekintzak nabarmentzen dira.

Muskizko pilota taldeko arduradunek handitasunez ospatu nahi dute 50. urteurrena. Horretarako, urteurrenaren omenezko festez eta ekintzez betetako egutegi osoa lantzen ari dira, eta kirol espezialitate honetako modalitate desberdinetako profesional eta adituak etortzea aurreikusten dute. Batik bat, Muskizko hezkuntza zentroetan eskainiko dituzten hitzaldi konferentziei begira eta Barbadun Pelotazale Elkarteak egingo duen V. Pilota Campusari dagokionez.

Urteurren hau omentzeko egutegi eta lehiaketa-kamisetez gain, datorren maiatzean, Barbadun Pelotazale Elkarteak herri bazkari bat ere egingo du. Egun horretan, bazkariaz gain, esku pilota eta pala erakusketa partiduak izango dira, goizez; eta helduen esku pilota partiduak, arratsaldez. Horren ostean, hain justu ere, hilabete pasa eta gero, alegia, ekainean, herriko San Juan jaien barruan, Pilota Jaialdi bat egingo du Barbadun Pelotazale Elkarteak.

50. urteurren hau omentzeko beste ekitaldi berezietako bat Oion eskolarekiko senidetzeari dagokio. Festa horri begira, hainbat modalitatetako erakusketa partiduak antolatu dira; eta horretaz gain, Pilotaren eguna ere ospatuko da, Muskizen irailean egin ohi den Nekazaritza Azokaren barruan.

Bestalde, Barbadun Pelotazale Elkarteko kideek Errioxarako txangoa ere egingo dute, uztailean, urteurreneko beste ospakizunekin batera.

Ibilbidea

Barbadun Pelotazale Elkartea –literalki– Muskizko pilotalekuetan erratza pasatzen zuten pilotazale batzuek sortu zuten. Barbaduneko taldekideen artean Euskadiko pala txapeldun bat izan da; eta berriki, Banakako Bizkaiko eta Euskadiko txapeldunorde batzuk izan dira, kimuak eta gazteak kategorietan.

Gaur egun, 40 neska-mutiko ari dira Barbadun klubean, Bizkaiko Pilota Federazioak antolatutako txapelketetan parte hartzen, eta taldeak bi pilotaleku estali dauzka, Muskizko erdigunean, bai eta entrenatzeko beste instalazio apalago batzuk ere, udalerriko beste auzo batzuetan. Taldearen helburu nagusia herriko txikienen artean pilota zaletasuna hedatzea bada ere, hain justu ere, harrobia da gaur egungo zuzendaritza batzordearen arazo nagusia.

Muskizko Udalak argitaratu berri duen aldizkari batean, Barbadun Pelotazale Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, gazteen artean pilota zaletasuna sustatzeko hamaika ahalegin egiten badituzte ere –Muskizko Pilota Campusa antolatzea, San Juan jaietako lehiaketa, esate baterako–, nabarmendu diren pilotarietako batzuek taldea utzi dute, futbola eta gisa horretako kirol zabalduagoek erakarrita.

Hori horrela bada, baikortasunez eta behar besteko indarrez ailegatu da 50. urteurrenera Barbadun Pelotazale Elkartea, euskal pilotaren barruan Muskizko taldeak eredugarria izaten jarrai dezan.