Albisteak

 

Hurrengo ostiralean, urtarrilak 27, arratsaldeko 16:00etan, Muskizko Cantarrana Eskolan, Save The Children erakundearen aldeko lehen lasterketa hasiko da. Haurren eskubideak babesteko mugiarazi eta borrokatzea da lasterketa honen helburua; eta kilometro bakoitzari esker helmugaraino iritsi daiteke:  munduko haur guzti-guztien eskubideak betetzen direla lortzea.

Cantarrana Eskolako haur guztiek lasterketaren helburuaren berri ematen duen eskuorri bat eraman dute etxera eta Save The Children erakundearen lana geletan landu dute.  Era berean, eskuzabaltasun osoz dirua eman duten babesleak ere lortu dira –euro bat ume eta km bakoitzeko– lasterketa honetan parte hartzearren. Familiako kideak, lagunak, entrenatzaileak... ere animatu dira. Save The Children erakundearentzat izango da bildutako diru osoa.

Cantarrana Eskolak Muskizko txiki guztiak parte hartzera animatzen ditu, arlo akademikotik harago baitoa heziketa, balioetan hezten da. Munduko haur guztiek merezi dute euren eskubideak bete ahal izatea: osasuntsu haztea, ikasteko aukera izatea, eta bortizkeriatik babestua egotea.

Save The Children erakundearen lana aldaketak eragiteko

Save The Children GKEak 1919tik egiten du lan, 120 estatu baino gehiagotan, milioika haurren eskubideak babesten, eta egoera hauek saihestea da mugimendu honen ardatza: ekidin daitezkeen arrazoien erruz umeak hiltzea, haurrek kalitatezko hezkuntza  batez ez gozatzea eta pobrezia, bortizkeria eta estualdiak pairatzeko arriskuan egotea. Hori guztia saihestu nahi du talde honek.

Espainian ere lan egiten dute, duela 20 urte baino gehiagotik, eta egunero 5.000 haur baino gehiago artatzen dituzte, Andaluzian, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Valentzian, Madrilen eta Euskadin, heziketaren bidez gurasoengandik haurrengana pobreziarik ez transmititzera bideratutako programetan.

Aldaketak sortzeko tresnarik indartsuena da heziketa. Horregatik, haurren eskubideak ezagutarazi, babestu eta bultzatzeko Espainiako hezkuntza zentroetan egiten den lanari lagundu nahi dio Save The Children elkarteak.

Haur batzuen eskubideak ez dira errespetatzen eta haur horien errealitatea udalerriko haurrengana hurbiltzea da Cantarrana Eskolako jardueren lehenengo urratsa; horrek hezkuntza komunitate osoaren parte hartze aktiboa dakar, betiere udalerriko ikasleen artean elkartasun eta justizia balioak zabaltzeko asmoz.