Albisteak

 

Muskizko Udalak La Llosako eskola zaharretako patioetako argiztatzea hobetu du. Gaur egun, udalerriko bi kirol elkartek ohikotasunez erabiltzen dituzte instalazio hauek. Inbertsioa 4.100 euro ingurukoa da (BEZ kanpo), eta argiztatzea hobetzeko proiektu handiago baten barruan dago. Proiektu horretan erabilerarengatik kaltetuta dauden edo behar besteko argiztatzerik ez duten hamaika gunetan hobetuko da argiztatzea.

El Cerro de la Llosa izeneko kirol-kultur elkarteak eta Mendiz-Mendi taldeak erabiltzen dituzte gehien La Llosako eskola zaharren ondo-ondoan dauden patioak eta tenis kantxak. Elkarte horietako arduradunen eskakizunak aintzat hartuta, instalazio hauetako argiztatzea hobetuko du Muskizko Udalak. Nolanahi ere den, batik bat, kirola praktikatzeko interesa duten inguruko neska-mutilentzako beste aisialdi aukera bat gehiago ere badira instalazio hauek.

El Cerro inguruan aurrera eramandako lanen funtsa honakoa izan da: bi argiztatze zirkuitu elikatu ahal izateko hartunea instalatu da, zirkuitu horietako bat argiztatze publikoko proiektagailuetarako da; bigarren zirkuitua, berriz, tenis kantxetako argiztatzerako. Bukatu berri diren lan horien barruan, LED motako 3 zutabe eta 2 argi instalatzea ere aurreikusi da Udaleko ekimenaren barruan.

La Llosako eskola zaharretako lan hauek Muskizko Udalak abiarazi duen proiektu global baten barruan daude. Proiektu global horren inbertsio osoa 39.650 eurokoa da (BEZ barne). Ekimen horren helburua da, guztira, Muskizko udalerriko hamaika gunetan argiztatzea hobetzeko lanak egitea, une honetan dagoen argiztatzea kaltetuta dagoelako edo behar besteko argiztatzerik eduki ez eta gune horietan argiztatze gehiagoren beharra dagoela nabaritu delako.

Lan guzti hauen bitartez, udalerriko auzoetan oinarrizko zerbitzuak hobetzeko politikari jarraipena eman nahi dio Muskizko Udal Korporazioak, punta-puntako teknologiaren alde eginez, eta ingurumenarekiko era jasangarrian. Esan gabe doa, aurrezteko helburua gogoan jarduten duela beti Udala, bai kontsumoak eragindako gastuak jaisteko, bai eta instalazio berriak mantentzeko lanek eragindako kostuei dagokienez ere. 

Instalazioak berreskuratzea

Inguru honetako eskola zaharretako instalazioak gaur egun guztiz berriztuta egotea lortu dute El Cerro de La Llosako auzotarrek; izan ere, albo batera utzita egotetik, El Cerro de La Llosa kirol-kultur elkarteko eta Mendiz-Mendi taldeko bilgune bilakatzera igaro dira. Horretaz gain, auzo honetako neska-mutilen aisialdirako aukera bat gehiago ere badira eskola zaharretako instalazio hauek, batez ere, kirola praktikatu nahi duten neska eta mutil horientzat.

Eskola zaharretako instalazio hauetan eskola-tailer bat eta Forlanek bultzatutako ekimenen bat edo beste bideratu ondoren, El Cerroko elkarteetako ordezkariek eraikina eta eraikinaren ondoan dauden kirol-instalazioak egokitzeko aukera atera zuten mahai gainera, El Cerro auzoko neska-mutilek auzoan bertan aisialdiaz gozatzeko gune bat izan zezaten.

Legegintzaldi batzuetan zehar, hainbat diru-laguntza eskuratuta, apurka-apurka, El Cerroko eskola zaharrak eta tenis eta futbito kantxak egokitzen joan da Muskizko Udala. Hori horrela, gaur egun, guztiz berrituta dago El Cerroko eskola zaharretako eraikina eta kirol eta kultur elkarteak biltzeko gune bilakatu da; era berean, El Cerroko eskola zaharren ondoko kantxetan ere berrikuntza lanak egin dira eta kirola segurtasunez praktikatu ahal izateko moduan daude.

Auzoko kirol eta kultur elkarteak bereziki esker oneko daude Muskizko Udalarekin, izan ere, orain euren aisialdiaz gozatu ahal izateko gune bat daukate bertako gazteek eta, gainera, gune hori erabiltzea guztiz dohainik da.