Albisteak

 

Autokarabanentzako berariazko zerbitzugunea izango duen Meatzaldeko lehenengo udalerria da Muskiz. Datorren apirila baino lehenago, Fuente Vieja etorbideko eremua turistak hartu ahal izateko prestatuta egotea aurreikusten du korporazioak, alegia, hurrengo Aste Santuko jaien aurretik. Muskizko Udala dagoeneko lanean ari da gune honetako erabilera arautuko duen ordenantza idazten.

Muskizko Udalak neurriak hartzen jarraitzen du udalerriko turismoa gehiago ezagutarazteko. Hori horrela izanik, Barbadun jatetxearekin mugakidea den eremua egokitzeko obrak esleitu berri dira, Fuente Vieja etorbidean, Muskizen bertan autokarabanak aparkatzeko gune batez gozatu ahal izateko. Autokarabanentzako Meatzaldeko lehenengo aparkalekua izango da.

Aste Santuko oporren aurretik, autokarabanak aparkatzeko gune hau egokitzeko obrak eta turista eta bisitariei udalerriak eskaintzen dizkien zerbitzuak osatzera datorren gunea arautuko duen ordenantza bukatuta izatea aurreikusten du Muskizko Udalak. Une honetan turismoa indartzeko hainbat neurri sustatzen ari da Muskizko Udala, beste batzuen artean, Itsaslur pasealekurako sarbideak egokitzea eta meatzetako esparruak ikertu eta nabarmentzea aipa daitezke.

47.500 euro inguruko aurrekontua erabiliko da (BEZ kanpo) eta Barbadun ibaiarekin mugakidea izango da autokarabanentzako zerbitzugunea. Hasiera batean, behintzat, autokarabanak aparkatzeko 8 leku izango dira.

Turisten eta EAEko bisitarien artean Muskiz ezagutarazteko beste ekintza bat gehiago da honako hau. Hotelei eta Pobeñako aterpetxeari ostatu emateko beste aukera bat gehituko zaie, eta horrela herriko eskaintza egokitu dibertsifikatu ahalko da.