Albisteak

 

Udalerriko Frutikulturaren XVI. Jardunaldien barruan, udalerrian erroldatuta dauden bizilagunen artean fruta arbolak banatuko ditu Muskizko Udalak –prezio lehiakorretan–. Otsailaren erdialdera, Muskizko bizilagunek eskatutako aleak eskuratu ahalko dituzte Kultur Etxeko bulegoetan.

Mahatsondoak, madariondoak, zitrikoak, mertxika arbolak, intxaurrondoak eta beste fruta arbola batzuk eskuratu ahalko dituzte muskiztarrek meatzaldeko udalerriko Ingurumen Sailak bultzatutako Frutikulturaren XVI. Jardunaldien barruan. Salgai jarriko diren barietateen berri emateko eta eskabidea egiten laguntzeko, aste honetan zehar buzoneatzen ari den eskuorri bat editatu da.

Eskuorri horiek eskaera egiteko albaran moduan erabil daitezke, eta salgai jarriko diren fruta arbola gehienen uzta jasotzeko sasoi egokienen berri ere ematen dute. Muskizko Udalak eskura jarriko dituen aleen prezioak 3,5 eurotik (irasagarrondoen kasuan) 16 eurora artekoak dira (intxaurrondoak, gaztainondoak eta zitrikoak).

Eskatutako aleak otsailaren 18an, 09:00etatik 12:00etara ematea aurreikusten du Muskizko Udalak, arestian aipatu denez, Kultur Etxeko bulegoetan. Urtarrilaren 26an (osteguna) bukatuko da eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkeztea

Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak antolatu du ekimen hau, udalerrian erroldatuta dauden bizilagunei begira. Udal korporazioak salgai jarriko dituen barietateak eskuratzeko interesa duten horiek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eskabidean zenbateko zehatza adierazi, eta NAN aurkeztu, udalerrian erroldatuta daudela egiaztatu ahal izateko.

Dokumentazio hau aurkezteko honako ordutegiak egokitu dira: urtarrilaren 17an, 19an, 24an eta 26an (astearte eta ostegunak), 10:00etatik 12:00etara (goizez); eta 18:00etatik 20:00etara (arratsaldez). Kultur Etxeko sarreran jasoko dira eskabideak, eta leku horretan bertan hartuko dituzte bizilagunek eskatu dituzten fruta arbola horiek.

Interesa izan dezakeen inork Udala buzoneatzen ari den eskuorria eta eskabidea galduko balu, ale gehiago daude eskuragarri Udaleko bulegoetan, adibidez, Kultur Etxean edo udaletxean bertan.