Albisteak

 

Udalerriko hamar eraikinetan, guztira, 33.700 euroko laguntza ematea onartu du Muskizko Udalak, udalerriko fatxadak berriztatzeko eta igogailuak instalatzeko laguntza gisa. Erabaki honen bitartez, apurka-apurka udalerriko etxebizitzak modernizatu eta hobetu nahi ditu Muskizko Udalak, bai eta etxebizitzak euren jabe eta maizterren beharretara egokitu ere.

Muskizko bederatzi etxebizitzek 31.800 euro inguruko laguntzak izango dituzte, euren eraikinetako fatxadak berritu ahal izateko; eta beste etxebizitza multzo batek 1.900 euroko laguntza jaso ahal izango du, etxejabeen elkartean igogailua instalatu ahal izateko. Kasu guztietan, etxebizitzetan egin beharreko obren % 20 osatzen dute jasoko dituzten diru-laguntzek.

Guztira, 2012 eta 2015 urteen artean fatxadak berriztatzeko eta igogailuak instalatzeko aurrekontuak eskatu dituzten Muskizko 94 familiari lagundu ahal izango zaie diru-laguntza lerro honi esker. Arestian aipatutako lan horiek egin direneko etxebizitzak honako kale hauetan daude: Sobalbadun, El Crucero, Arkazieta, Cendeja, Autonomia eta Antonio Trueba.

Aurrekontu partida hau arautzen duen Ordenantzaren arabera, Muskizko Udalak zati berdinetan banatuko ditu laguntzak, jasotako eskabide guztien artean. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzak jasotzen dituzten eskabide horiek ere eskuratu ahalko dituzte Muskizko Udaleko diru-laguntzak.

Ordenantza arau-emailea

Diru-laguntza hauek arautzen dituen ordenantzak ezartzen duenez, hobekuntza hauei laguntzeko zenbateko osoak ezin du aurrekontu osoaren % 20 gainditu, ez fatxadak berritzeko kasuetan, ez eta igogailuak instalatzeko kasuetan ere. Horretaz gain, fatxadak berriztatzeko, etxebizitza eta saltoki bakoitzeko, gehienez, 1.200 eta 1.500 euroko muga ezartzen da; eta instalatutako igogailu bakoitzeko 10.800 euroko muga dago.

Fatxadak konpontzeko obrei dagokienez, arkitekto eta aparejadoreen ordainsarietarako aparteko sail bat ere jasotzen da ordenantza arau-emailean.

Igogailuak instalatzeko laguntzei dagokienez, etxebizitzek, gutxienez, hiru solairu izan behar dituzte eta 10 urte baino gehiago. Nolanahi ere, honako salbuespena ere ezartzen da: berriagoak diren eraikinak ere lagundu ahalko dira, baldin eta eraikin horietan mugikortasun urriko pertsonak bizi badira -egoera horretan badaude, eraikinera mugitu ostean- edo hirurogei urte baino gehiagoko bizilagunak badaude.