Albisteak

 

Hurrengo asteetan, El Crucero kaleko oinezkoentzako pasabidetik Sobalbadun etxe taldera sartzeko tartea egokitzeko lanak abiaraziko ditu Muskizko Udalak. Lan hauek eginda, 2013. urtean idatzitako Irisgarritasun Planean atzemandako gabezia bat konponduko du udal korporazioak.

Horrela, sarbide gehiago izango dituzte Sobalbadun etxe taldeko auzotarrek, hain justu ere, El Crucero kaleko arrapala ere baliatu ahalko dute auzora bertaratzeko. Arrapala honek irisgarritasun baldintzak betetzen ditu, eta oinezkoen segurtasuna hobetzen du, batik bat, gurpildun aulkian doazen horiexen segurtasuna. Proiektu honek 27.400 euroko aurrekontua dauka eta 2017. urte hasieran hasiko da gauzatzen.

Obrak burutzeko epea 2 hilekoa da; eta obra hauek eginda, Saitec enpresak orain dela hiru urte inguru idatzitako Irisgarritasun Planean antzemandako gabezia bati irtenbidea emango dio udal korporazioak.

Arrapala egokitzeko lanak egin ahal izateko, gaur egun inguru horretan dauden lorategi guneetan ere lanak egin beharko dira, izan ere, nahikoa aldapa duen sarbidea eraiki ahal izateko eremu hori ere erabili beharko da; eta, bukatutakoan, oinezkoen pasabideraino zeharka ailegatuko dira bizilagunak. Gaur egun indarrean dagoen irisgarritasun araudia beteko du sarbide berri honek.

Muskizko korporazioak, bide batez, berrituko den tarte horretan ere argiztatze publikoa egokituko du eta altzairu herdoilgaitzezko baranda bikoitza jarriko du, gutxi gorabehera, metro bateko altueran, eskudelarekin.

Irisgarritasun Planera egokitzea

2013. urtean, Saitec enpresak Muskizko Udalerrirako Irisgarritasun Plana sortu zuen, eta plan horretan jasotzen denez, indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudiak ezartzen dituen baldintzak bete ahal izateko, konpondu beharreko gabezia zen Sobalbadun etxe taldera ailegatzeko arrapala edo, bestela esanda, El Crucero kaleko oinezkoen zebrabidearen luzapena.

Hurrengo legealdian hasiko dira sarbidea egokitzeko lanak, eta lan hauek bukatutakoan, Irisgarritasunari buruzko 20/1997 Legeak jasotzen dituen irisgarritasun baldintzak eta lege hori garatzeko arau teknikoak beteko ditu oinezkoen pasabideak, bai eta Eraikuntzaren Kode Teknikoak ezartzen dituenak ere.

Sobalbadun etxe taldera heltzeko oinezkoentzako sarbideak % 20ko aldapa duen arrapala dauka, eta zebrabidean bertan amaitzen da. Esan gabe doa horrek arrisku handia eragiten diela auzotarrei, batik bat, gurpildun aulkian mugitzen diren bizilagunen kasuan, izan ere, aldapan behera kontrola galduko balute, nahi barik autoen joan-etorri gehien dituen errepideetako batera sartuko bailirateke.

Horretaz gain, esan beharra dago orain dagoen barandak ez daukala egokitutako eskudelik.