Albisteak

 

Abenduaren 27an (asteartea), Muskizko Udalak informazioa emateko hitzaldia antolatu du, Itsaslur pasealekuko sarbideak egokitzeko eta berriztatzeko lanen eragina izango duten auzotarrek proposamenaren berri izan dezaten eta proiektu honi egin nahi dizkioten ekarpenak jaso ahal izateko.

Auzotik programaren barruan, Muskizko Udaleko Gobernu Irekiko zinegotzigoak bultzatuta, informazio jardunaldia prestatu da, Kobaron auzoko bizilagunek Itsaslur pasealekua egokitzeko lanen xehetasunen berri izateko eta auzotarrek egin nahi dituzten ekarpenak bildu ahal izateko.

Bilera hau hurrengo asteartean izango da, abenduaren 27an, Kobaroneko Kultur Etxean eta bilkura honetan 500.000 euroko aurrekontua duen eta 2017. urteko lehen hiruhilekoan abiaraztea aurreikusten den proiektuaren xehetasunak azalduko dituzte Muskizko Udaleko ordezkariek.

Muskizko Udalak José MacLennan de Minas S.L enpresarekin akordioa lortu eta gero,  Kobaron auzoko herritarren eskakizunak eta inguru horrek daukan indar turistikoa kontuan hartuta, Itsaslur parkerako eta El Hoyo auzorako sarbideak egokitzeko eta aparkaleku gisa erabiltzeko zabalgune bat prestatzeko proiektua prestatu du udal korporazioak, gune historiko eta natural honetara hurbiltzen diren horien bisita errazteko asmoz.

Meatzetako enpresak eta Muskizko Udalak, 2015. urteko maiatzean, akordio bat sinatu zuten, Muskizko Udala aparkalekua ipiniko den lur sailaz eta Kobaron auzotik Itsaslur parkera sartzerakoan dagoen aisialdi guneaz jabetzeko. Akordio horri esker, hainbat eta hainbat auzi urteri bukaera ematen zaio; izan ere, 1998. urtean, udal korporazioak inguru hori egokitzeko lan batzuk aurrera eraman zituen, 12.500 metro koadroko lur saila jabetza publikokoa zelakoan.

Honako bi hauek ere erdietsi den itunaren barruan daude: bigarren bide bat, inguru hori El Hoyo auzoarekin komunikatzen duena; eta gaur egun aparkaleku gisa erabiltzen den eta oso kaltetuta dagoen sarbide bat.