Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean irekiko da 

Jarduera ludiko eta kulturalez betetako egutegi oparoaz gozatu ahalko dute adin guztietako muskiztarrek abenduan, eta, batik bat, Gabonetan zehar. Beste jarduera batzuen artean, lehiaketak, txangoak eta diskotekak izango dira, 3 eta 18 urte arteko haur eta gazteentzat. Muskizko nagusiagoei begira ere hainbat ekitaldi antolatu dira Gabonetan, esate baterako, Urte Amaietako Kontzertua, Mello igoera eta Meatzari Aretoko zinea.

Hiru egunetan zehar, Gabonetako Haur Parkea izango da –Muskizko Udalak antolatua, Donibane pilotalekuan– herriko txikienen gozamenerako. Jolasak, musika, ludotekak, sorpresak, puzgarriak eta tailerretarako guneak eskainiko dira, abenduaren 27tik (asteartea) abenduaren 29ra arte, bi egunak barne, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era.

Oraingo honetan, gainera, Gabonetako Haur Parkearen barruan, ekitaldi bereziak antolatu ditu Muskizko Udaleko Kultura Sailak. Abenduaren 27an (asteartea), Eriz Magoa izango da; 28an (asteazkena), mini diskoteka  bat; eta 29an (asteazkena), haurrentzako antzezlan bat. Jarduera guzti horiek arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango dira. 

Ildo beretik, La Sebe Elkarteko jaia ere nabarmentzekoa da. Abenduaren 23an izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Errota Zahar parkean. Beste ekitaldi batzuen artean, txiki kanpaina hotsez gozatu ahalko dute bertaratzen diren haur guztiek.

Gaztegunea

Muskizko Gazteguneak, 12 eta 17 urte arteko gazteentzako jardueren artean, PS4-ko Fifa 17 lehiaketa antolatu du. Abenduaren 28an izango da, 18:00etatik aurrera, Gaztegunean bertan. Horretaz gain, bi txango ere badaude: lehenengoa Bilboko Lasergunera joateko izango da, abenduaren 27an, 16:00etatik aurrera; bigarrena, berriz, Gasteizen patinatzeko izango da, urtarrilaren 4an.

Aurreko urteetan izandako harrera kontuan hartuta, Lasergunera joateko bigarren txangoa antolatzea erabaki dute Gazteguneko langileek. Ildo beretik, aurrekariak ikusita, 18 urtetik hasi eta 30 urtera arte luzatu da Gasteizko izotz pistara patinatzera joateko jardueraren adin tartea.

Euren Gabonetako diskoteka propioa ere izango dute nerabeek. DJ Paco artistak gidatuta, makillaje luminiszenteko jolas eta tailerrak egingo dira, besteak beste. Gazteentzako Gabonetako diskoteka hau abenduaren 23an izango da, 19:00etatik aurrera, Gaztegunean bertan. 

Harrerak

Urteroko ohiturari jarraiki, abenduaren 24an, Muskizko kaleetan zehar ibiliko da Olentzero, gure etxeko txikien gozagarri. Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Errota Zahar kale ingurutik; eta eguraldi txarra baldin badago, Giba kaletik ekingo zaio ibilbideari. Ibilbidea Meatzari plazan bukatuko da, eta arratsaldeko 18:30etik aurrera, Olentzerok eta Mari Domingik Muskizko haurrak hartu eta euren gutunak jasoko dituzte.
 
Meatzari Aretoan bertan, 19:15etik aurrera, Gutun eta Postal lehiaketako sari banaketa egingo da. Horren ostean, txokolatea eta gaztainak banatuko dira eta Muskizko Intzarri Dantza Taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du. Egunari bukaera emateko, Olentzero erreko da, Meatzari plazan bertan.

Errege Magoen desfilea, berriz, urtarrilaren 5ean izango da. Arratsaldeko 18:30ean irtetea aurreikusten da, San Juan auzoko BM supermerkatu ingurutik. Etxeko txikien eskakizun eta gutunak Donibane pilotalekuan eta Pobeñako pilotalekuan hartuko dituzte Errege Magoek.

Musika eta kirol zaleentzat

Musika gogoko dutenek ere lekua dute Muskizko Udaleko Gabonetako egitarauaren barruan. Abenduaren 30ean, 19:30ean, Urte Amaierako Kontzertua izango da, Meatzari Aretoan. Lviv-eko (Ukrania) Antzerki Nazionaleko Orkestrak eskainiko du kontzertu hori. Johann Strauss omentzeko lan honetan, Yuriv Bervetsskiy zuzendariarekin batera 22 musikari eta kantari liriko batzuk arituko dira, baltsak, polkak, bakarkako eta duetoak eskaintzeko. Intxaur kraskagailua, La Traviata, Loti Ederra, My Fair Lady eta Saguzarra izeneko lanak eskainiko dituzte, besteak beste.

Sarrerak 12 euroan jarri dira, eta eskuragarri daude BBK-ko kutxazainetan eta Meatzari Aretoko bertako txarteldegian.

Horretaz gain, kirolzaleenek kirola eginez bukatu ahalko dute urtea –abenduaren 31n–, XII. Mello igoeran parte hartuta. Muskizko Kultur etxetik abiatuko dira, goizeko 09:00etan; eta, gutxi gorabehera, 12:00etan jaistea aurreikusten da. Ordu beteko edo bi orduko ibilbidean, Castaños, La Campa, El Somo, Posadero, Txikito, Fuente Fria eta Los Ilsos inguruetatik pasako dira parte hartzaileak, 633 metro dauzkan Muskizko gailurrik altuenera heldu aurretik.

Mello igoeran herritar askok eta askok parte hartzen dutela eta, antolatzaileek parte hartzaileei dei egiten diete euren lur orotako ibilgailuekin gailurreraino ez igotzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak egin du gomendio hau.