Albisteak

 

Muskizko Udaleko Osoko Bilkurak Barbadun ibaiko oinezkoentzako bidexka handitzeko kontratazio espedientearen hasiera berresten du. San Juan elizan hasi eta El Pobaleko burdinolaraino iritsiko da bidexka hori. Ibaiaren ubideetan egokitzapen lan hauek eginda, amaiera emango zaio udalerria 12 kilometroko luzerako aisialdirako guneaz hornitzeko proiektuari, eta udalerriko auzo guztiak lotuko dira.

“Birika berdea” izenez ezagutzen den proiektuaren bigarren eta azken fasea 2017. urtean zehar egitea aurreikusten da. Hasierako aurrekontua 1.517.230 eurokoa da, eta egin beharreko lanen funtsa – lan horien kontratazio espedientea onartu berri du Muskizko Udaleko Osoko Bilkurak – Barbadun ibaiko bazterrak birlandatzea da, horrela, aisialdirako eremu bat osatu ahalko da gune natural baten barruan.

Gaur egun, La Arena hondartza eta Muskizko erdigunea lotzen ditu ibaiaren ibilbideak,  eta proiektu honen bidez, El Pobaleko burdinolaraino luzatuko da. Proiektu honek, guztira, 4 kilometroko luzera dauka, eta atsedena hartzera begira pentsatutako bidexka honi esker, uztartuta geratuko dira Muskizko udalerriko auzo guztiak. Hori horrela izanik, proiektuak biltzen duen bidexka horretatik, segurtasun osoz, Muskizko erdiguneraino joan ahalko dira, Nesilla inguruko auzotarrak.

Ibaiaren ibilbidea Bilotxi zubiaren azpitik pasatuko da eta El Pobaleko burdinolaraino iritsiko da, Mayor ibaiaren ubidetik, betiere ibaietako ubideak zaintzeaz arduratzen den URA Uraren Euskal Agentziak ezarritako baldintzak betez. Dagoeneko Muskizen dauden atsedenerako eta aisialdirako guneei batuko zain beste gune berri batez gozatu ahalko dute oinezkoek; eta horretarako, gune naturalean erabat bertakotuko diren egurrezko pasabideen bidez bideratuko dira isurketen eta erreken arteko bost igarobideak.

Era berean, oinezkoen segurtasuna zaintzeko, mikropilotezko pantaila bat ere jartzea aurreikusten du proiektuak, hain justu ere, 70 metroko luzerako pantaila bat. Horrela, Santelices eta errepideko zubiaren artean dagoen hegal mailakatu bati eutsi ahalko zaio. Lan horiek egiteaz gain, azken tarte honetan, gaur egun dagoen iraganbidea finkatu eta handituko da.

Birlandatzea

Barbadun ibaia birlandatzeko bigarren tarte honetan, egin beharreko obren eragina izango dute ibilbidearekiko paraleloan dauden inguruek, hori horrela, ur-bazterreko tarte horiek birlandatu eta bertako zuhaitzak berreskuratuko dira. Gisa horretako jarduerak egiteko aukera ere kontuan hartu da proiektuan.

Honako zati honetan bakarrik da beharrezkoa zuhaitzak birlandatzea: errepideko zubiaren euskarrien azpian hasi eta Barbadun ibaia zeharkatzen duen pasabidean bukatzen den igarobideraino doan tartea, alegia, Nesilla izeneko auzotik igarotzen den tartea. 50 metro horietan zehar, honako landare hauek ipiniko dira: Alnus Glutinosa, Salix Alba, Fraxinus Excelsior, Corylus Avellana eta Sambucus Nigra. Ubidearen ezpondako eta proiektatu den bide naturala eta ubidea banatzen direneko ebakiko goiko eremua betetzen dute bertako espezie horiek.

Beste alde batetik, gaur egun bidearen ondo-ondoko bazterretan dagoen landare estaldura berriz jartzea da planteatutako birlandatzearen funtsa, izan ere, gune horretako landareek obren eragina izango baitute. Horretarako, lur-azala soslaituko da, landare lurra zabalduko da eta soropila landatuko da. Horretaz gain, Barbadun ibaiaren tarte batzuetan, lorategi guneetara, ezpondetara eta zabalguneak dauden guneetara ere zabalduko dira aipatutako ekintza hauek.

Barbadun ibaia birlandatzeko bigarren fase hau burututa, eginda geratuko litzateke Muskizko Udaleko anbizio handieneko proiektua, alegia, Muskizko udalerria 12 kilometroko luzerako ibai bidexkaz hornitzeko egitasmoa, Kobaronetik El Pobalera arteko auzo guztiak lotuz. Ibilbide hau, ibaiarekiko paraleloan doa eta bertako gune naturala errespetatzen du, horregatik, Muskizko udalerriko “birika berdea” izenez ezagutzen da, herriak berez duen meatze eta industria kutsuarekin uztartzen dena.

Aurreko jarduerak

Barbadun ibaiko bazterrak birlandatzeko prozesua epeka burutu da. Gaurdaino, behar bezala egokituta zegoen ibai bidexka batez goza zezaketen muskiztarrek eta Muskizera bisitan etortzen zirenek, La Arena hondartzatik San Juan elizaraino. Barbadun ibaiko bidexka hori egokitu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza bat eskuratu zuen Muskizko Udalak eta diru-laguntza hori Muskizko Udalak onartu zuen lizitazio aurrekontuaren erdiraino iristen zen, ia-ia.

Lehenengo fase honetako lanak 2015. urteko lehenengo lauhilekoan egin ziren, eta honako lan hauek bildu zituen: hiri altzarien bitartez ibaiaren alboetako lurra hobetzea, 4.800 zuhaitz eta ur-bazterreko zuhaixka landatuz landaredia birlandatzea eta espezie inbaditzaileak kentzea. Lehenengo fase honetan ezinbestekoa izan zen Barbadun ibaiko ezpondetako 30.000 metro koadroko lurrazalean sasiak kentzea.

Barbadun ibaiko bidexka egokitzeko lehenengo tarte honetako lanetako bukaerako inbertsioa 380.000 eurokoa izan zen. 

Barbadun ibaiko bazterrak egokitzeko lan hauen helburu nagusiak honako hauek dira: udalerria jolaserako aproposa den ibilbide batez hornitzea, gero eta herriko bizilagun eta turista gehiago ibiltzen baita bertatik; inguru hau paisaia naturalago batean egokiago bertakotzea; eta natura interesekoak edo Europar Batasunaren Garrantzizko Lekuak diren eremu horiek birlandatu eta babestea.